GAUR8 - mila leiho zabalik

EAEko 0-3 urte arteko hamar haurretatik lau ez da eskolaurrera joaten

Nahiz eta EAEko eskolaurreko lehen zikloko matrikulazioa bikoiztu egin den azken 15 urteetan, Save the Children GKEak ondutako txostenak ohartarazi du 0-3 urteko haurren ia erdiak (%47) eskolatu gabe daudela, horietako asko familia zaurgarrietakoak izateagatik.

Arg.: Save the Children

EAEko eskolaurreko lehen ziklora (0-3 urte) sartzen diren haurren kopurua bikoiztu egin da 2002-02 kurtsotik (%25,6) 2016-17 kurtsora (%52,8), eta Estatu espainiarrean aipatu zikloan matrikulazio tasa handiena duen lurraldea da. Hala ere, Save the Children-ek asteartean publiko egindako txostenak haurrak eskolatzen ez dituen familien diagnostikoa egin du eta ondorioztatu familia zaurgarrietako haurrak zailtasun handiagoak dituztela eskolaurrera sartzeko.

Kontrara, klase ertain eta altuko haurrek sarbide errazagoa dute ziklo honetara.

GKEak iritzi du etapa honetara sartzeko dauden arrakala sozial «handia» murriztea beharrezkoa dela «eskola porrota eta abandonua» prebenitzeko.

Txosten honek 0-3 urte arteko hezkuntzara sartzen ez diren haurren familien profila zehaztu du. Batetik, atzerrian jatorria duten familiak dira, ezintzuetan gurasoetako bat langabea den eta oinarrizko pribazioak jasaten dituzten. Pribazio hauek pairatzen dituzten familiek %7 gutxiago eramaten dituzte umeak eskolaurrera pribaziorik ez dutenekin alderatuta; gurasoetako batek ere lanik ez duten familietan hezkuntzako sarbidea 10 puntutan jaisten da gurasoetako batek lan egiten duten familiekin alderatuta; eta atzerrian jatorri duten haurren eskolatzea 10 puntutan jaisten da EAEn jaiotakoen aurrean.

Segregazioa eta oztopoak

Bi urteko haurren eskolatzeari dagokion zenbakiak nabarmen puzten dira. Egun, EAEn, bi urteko umeen %92,9 eskolatuta daude, Estatu espainiarreko bataz bestekoarekiko 35 puntu gainetik. Alabaina, 2-3 urte bitarteko etapa honetan egitura publiko-itunpeko arazoak azaleratzen dira Save the Childrenen arabera.

«Eskolatzea ahalbidetzen du, baina segregazioaren kontura», zehazten du txostenak. Horrela, 2-3 urte arteko ikasgelak «segregazio-bide» bilakatzen dira. «Etapa honek filtro sozioekonomiko baten modura jokatzen du (urte hau soilik partzialki finantzatuta baitago) eta gero, hezkuntza-jarraipena puntu bidezko sistemak eta ratioen erabilera ezegokiak baldintzatzen dute».

Lau dira, Save the Childrenek esanda, eskolaurrerako sarbidea zailtzen duten faktoreak: oztopo ekonomikoak, laguntza faltarekin edo plaza kopuru urriekin zerikusia dutenak; oztopo burokratikoak, formaziorik gabeko familiei edo jatorri atzerritarrekoei eragiten dienak gehien; eskoletako antolakuntza, mesede egiten diolako soilik lan eta laneko ordutegi egonkorra duten familiei; eta oztopo ideologiko-kulturalak, adin horrekin haurrak eskolatzeari garrantzia kentzea, kasurako.