GAUR8 - mila leiho zabalik

Gazteek proposamenak bildu dituzte Europar Batasun hobe bat lortzen laguntzeko

Europar Batasuna hobetzeko proposamenak biltzen dituen dekalogoa osatu dute Youth 2019 programan parte hartu duten gazteek. Txosten hau Europako erakundeetara bidaliko da aurki.

Youth 2019 programaren baitan ostegunean egindako ekitaldia.

Youth 2019 ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin batera, bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen da. Ekimenak 17 eta 23 urte bitarteko 600 gazte gipuzkoar inguru lurraldeko erakundeetako arduradun nagusiekin elkartu ditu eta, gaur, programaren azken saioa egin dute Batzar Nagusietan. Bertan izan da, besteak beste, Markel Olano ahaldun nagusia.

Programaren baitan, hamar “youthworshop” edo mintegi egin dira herri desberdinetako ikastetxe eta lanbide heziketako zentroetan: Donostia (bi ikastetxe), Urnieta, Zarautz, Eibar, Arrasate eta Tolosa. Mintegi horietan, udal arloko nahiz Aldundiko teknikari eta politikariak ere izan dira, baita europar gaietan aditu diren pertsonak. Gaurko batzarrean, topaketa hauetan parte hartu duten 40 gazte inguru aukeratu dira, eta arduradun politikoei galdetu ostean kezkatzen dieten gaien inguruan, Europar Batasuna hobetzeko proposamenak biltzen dituen dekalogoa osatu dute. Txosten hau Europako erakundeetara bidaliko dutela jakinarazi dute Aldundiko ordezkariek.

Besteak beste, hauek dira gazteak erdigunera ekarritako gaiak: migrante eta pertsona errefuxiatuen krisiari erantzuteko neurriak eta politikak martxan jartzea; pentsioen sistemaren kudeaketa hobetzeko neurriak bultzatzea; Europa mailan, heziketa profesionaleko zikloen homologazio erreal eta bateratua lortzea; ikasketak amaitu dituzten gazteak lehen enplegua lortzeko neurriak sustatzea; gazteen eta politikarien arteko lankidetza guneak sortzea, honela bi talde hauen arteko elkarrizketa bultzatuz; Europa mailan alokairu politikak garatzea, gazteen emantzipazioa errazteko; ekonomia ezkutua hobeto kontrolatzeko sistemak sortzea; Europan dauden hizkuntza gutxituak babestu eta sustatzea; ezberdinek diren pertsonekiko tolerantzia areagotzea helburu duten neurriak egiterako orduan, gazteen iritzia kontutan hartza; eta klima aldaketari aurre egiteko neurriak.

Ekitaldian, Markel Olanok gazteak parte hartzera, ahalduntzera eta pentsamendu kritikoa garatzera animatu ditu, honela «pertsonen ongizatea eta bizikidetza demokratikoarekin amaitzea xede duten korronte populistei aurre egin ahal izateko».