GAUR8 - mila leiho zabalik

Laburbirak 33 udalerri bisitatuko ditu hilabete batean

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren 17. edizioa 33 udalerritatik igaroko da martxoaren 9tik apirilaren 8ra bitartean, eta «euskarazko ikus-entzunezko harrobiko maila handiko bederatzi altxor» zabalduko ditu.

Hego Euskal Herriko 33 herri zeharkatuko ditu Laburbirak.

Sestaon hasiko da zirkuitua, eta Izarrako Kultura Etxean egingo da azken emanaldia, tartean Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako hainbat herritatik ibiliko delarik, baita Paris, Londres, Valentzia eta Valladolidetik ere.

Topaguneak jakinarazi duenez, Laburbirak hamazazpigarren edizioa beteko du aurten euskal ikus-entzunezkoen harrobitik lan interesgarrienak hainbat aretoetara eramaten, publikoak lan horietaz gozatzeko eta euskal sortzaileen erakusleiho izateko helburuarekin.

Laburbirako antolatzailea den Joana Olabarriaren esanetan, «azken denboraldi honetako ikus-entzunezkoen urrezko denboraldiak argi erakusten du euskarazko lanen kalitatearen gorakada, eta beste urte batez, Laburbira honen erakusgarri izango da».

Euskaltzaleen Topagunearekin batera hainbat herrik dena dute prest Laburbira haien herrietan hartzeko. Horiez gain, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien babesa izaten du zirkuituak.

Laburbiraren 17. ediziora 27 ikus-entzunezko lan aurkeztu badira ere, bederatzi izango dira aurtengo protagonistak, guztiak 2018tik 2020ra bitartean egindakoak. Lan horietako batzuk 2019ko hainbat jaialditan aurkeztutakoak eta ikusleen artean arrakasta handia izan dutenak dira, besteak beste, "Anti", "Pil Pil" eta "Harria Herria" film laburrak.

Emakume zuzendariak

Iaz bezala, emakume zuzendariek presentzia nabaria izango dute edizio honetan ere, zirkuitu ibiltaria osatzen duten bederatzi filmetatik sei emakumeek zuzendutakoak baitira. Horietako batzuk hasiberriak dira, kasurako, Janire Etxabe, Maitane Eyheramonho edota ikus-entzunezkoen ikasle talde bat; baina badaude eskarmentu handiko sortzaileak ere, hala nola Kristina Zorita, Yolanda Mazkiaran eta Amaia San Sebastian.

Hain zuzen, honako film labur hauek osatzen dute urte honetako Laburbira: "Gau Beltza" (Euskaltzaleen Topagunea), "Urak dakarrena" (Marilin taldea), "Anti" (Josu Martinez), "Tigre bat" (Amaia San Sebastian), "Pil Pil" (Kristina Zorita), "Mamarro" (Ibon Iza Totorika), "Kateak" (Yolanda Mazkiaran), "Jauzi bat eta Prixt" (Maitane Eyheramonho) eta "Harria Herria" (Dimegaz Kultur Elkartea).

Hala, 33 udalerritan zehar ibiliko da Laburbira, Hego Euskal Herriko 29 eta kanpoko lauetan (Londres, Paris, Valladolid eta Valentzia). Filmak proiektatzeaz gain, zenbait tokitan zuzendariek film laburra egiteko prozesua eta bizi izandakoak azalduko dizkie publikoari zuzenean, publikoaren eta zuzendarien arteko elkarrizketak sortuz.