GAUR8 - mila leiho zabalik

Audientzia mugak apurtu dituzte Urdaibai Centerren zuzeneko emanaldiek; 50.000 etxeetara heldu dira

Natura eta hegaztiei buruz Urdaibai Bird Centerrek egunero egiten dituen zuzeneko emanaldiek audientzia-indizeak apurtu eta 50.000 etxeetara heltzea lortu dute. Estatu eta mundu mailan pandemia gehien kaltetutako leku askotan bisita horiek «benetako terapia» izaten ari direla nabarmendu dute.

Hegaztiak, Urdaibaiko paduretan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Egunero goizez eta arratsaldez eskaintzen ditu Urdaibai Bird Centerrek zuzeneko emankizunak web orrian eta «ezuste handia» eman dute audientzia-indizei begira. Azaldu dutenez, 50.000 familiaren etxeetaraino heldu dira eta bisita gehienak pandemiak gehien kaltetutako lekuetatik datoz, «benetako terapia» izaten ari diren seinale.

Urdaibai Bird Centerretik zehaztu dute Euskal Herritik kanpo Bartzelona eta Madril direla konexio gehien dituzten lekuetako batzuk. «Gezurra badirudi ere, hegaztien basa bizitzaren emankizunak futbolarenak ordezkatzen ari dira etxe askotan», nabarmendu dute.

«Ehunka dira txataren bidez bidali zaizkigun esker oneko mezuak», azaldu dute zentroko arduradunek. Mezu horietan helarazitakoaren arabera, «minutu batzuetan etxetik, konfinamendutik deskonektatzeko» aukera dute eta «Urdaibai bezalako paisaia natural idilikoaz» gozatzen dute era birtual batean bada ere.

Biologia ikasgaia lantzeko

Urdaibai Bird Centerren leiho birtuala Euskal Herriko ikastetxe askotan erabiltzen ari da Biologia ikasgaia lantzeko.

Zuzeneko emankizunez gain, eguneko 24 orduetan zuzeneko irudiak partekatzeko ari dira lanean adituak eta teknikariak. Izan ere, jarraitzen dute hegaztien kontaketak egiten, meteorologia-parteak osatzen…

Bitartean, naturak gordetzen dituen «sorpresak» egunero iristen dira Urbaibaira, eta horien artean aipatzen dituzte «Afrikatik Eskoziarantz bueltan datozen arrano arrantzaleak, lertxun gorri iheskorra edo zikoina beltz ederra».