GAUR8 - mila leiho zabalik

«Kubo Auzoa», itxialdiari aurre egiteko Arrigorriagako eskolako Youtubeko programa

Arrigorriaga Herri Ikastetxe Publikoak «Kubo Auzoa» hezkuntza-baliabide berritzailea sortu du konfinamenduan. Edukiak, emozioak, hezkidetza eta euskara dira, besteren artean, bertan lantzen diren gaitasunak. Youtubeko programa baten bidez heltzen da etxeetara eta 2.800 ikusarazte baino gehiago izan ditu dagoeneko.

«Kubo Auzoa» programako une bat. (L.Carranza)

«Kubo Auzoa» Youtubeko programa berria Arrigorriaga Herri Ikastetxe Publikoko lehen mailako irakasleek sortu dute. «Irakaskuntzan lan egiten dugunoi konfinamenduak bide berriak zabaltzera eraman gaitu», azaldu dute.

Youtube kanaleko emankizunak ez dira ezezagunak ikasleen artean, eta kasu honetan formatu erakargarri batean hainbat eduki lantzeko baliatu dute ikusentzunezko kanal ezaguna Arrigorriagako maisu-maistrek, itxialdi egoera berezi honetan etxeetara beste era batera heltzeko.
Programak pertsonaia ezberdinak ditu eta hainbat arlotan eragitea du helburu. Izan ere, ikasleen alde emozionala zaintzea ardatz nagusietako bat da. Horren ondoan, «eskolan lantzen diren hainbat aspektu modu ludikoan ikastea» bilatzen dute eta elkarbizitza eta hezkidetza lantzen ditu.
Programaren bidez, «familiei hainbat eduki lantzeko pistak» eskaintzen dizkie eta «euskaraz bikain pasatzeko» aukera ematen du.
Leyre Carranza programaren egileak GAUR8ri azaldu dionez, konfinamenduak haurrengan zuen eraginari erreparatuta bururatu zitzaion bide berri bat esperimentatzea, «panpinen goxotasuna» baliatuz.
«Itxialdia ezarri zenean ikusten genuen normaltasuna bukatu eta bizitza gelditu egiten zela ematen zuela, mehatxua sentitzen zutela eta horrek haurrengan desoreka emozionala eragiten zuela», nabarmendu du. Horregatik, helburua «egoera konplexu horretan haiek gu gertuago sentitzea eta aldi berean edukiak lantzea» izan da. 

Nabarmentzen duenez, proiektu xumea da, etxean egindakoa eta ez ezagutza ezta baliabide handiekin ere. «Ez nekien ezta bideoak editatzen», onartzen du Carranzak. Baina lanak fruituak eman ditu eta hunkigarriak egin zaizkio familien esker oneko mezuak eta beste irakasle batzuek euren proiektuetarako programa erabili ahal izan dutela jakitea.


Harrera ona eta gonbidatu ospetsuak
Oso pozik daude ekimenak izan duen erantzunarekin. «Oso harrera ona izan du bost urtetik gorako gazteen artean eta Arrigorriagan ez ezik, beste eskola batzuetan ere hezkuntza baliabide bihurtu dira Youtubeko saio hauek», zehaztu du. Dagoeneko 2.800 ikustarazte baino gehiago izan dituela adierazi dute eta jakin dute etxe batzuetan programa behin baino gehiagotan ikusten dutela.
Eskola programak arreta piztu du artearekin lotutako pertsona garrantzitsuen artean. Noa Lur jazz abeslaria izan da gonbidatuetako bat eta hurrengo saioetan antzeko beste gonbidapen batzuk izango direla iragarri dute.