GAUR8 - mila leiho zabalik

«Moda azkarraz» itxialdian sortutako 51 lan, Euspot euskarazko spot lehiaketan

Erabili eta botatzeko arroparen kontsumoaren atzean zer dagoen hausnartu eta kontzientziazio kanpaina baterako iragarkia sortu behar izan dute aurten Euspot euskarazko spoten lehiaketako partaideek, konfinamenduaren erdian. Hala ere, deialdiak izan duen erantzuna nabarmendu dute, itxialdian sortutako 51 lan aurkeztu baitira, eta publikoaren artean inoiz baino boto gehiago, 2.600 bozka.

Irudian, Euspot lehiaketara aurkeztutako lanetako bat. (GAUR8)

Osasun krisialdia dela-eta, Euspoteko aurtengo edizioa berezia izan da. «Zer dago janzten dugunaren atzean?» galderari erantzutea gaitzat hartuta, «moda azkarrak eragiten dituen ondorio negatiboen» gaineko hausnarketa eskatzen zen, kontzientziazio kanpaina bateko spot formatoan.

Osasun larrialdiak ekimena konfinamenduaren erdian egitera behartu du eta, hala ere, egoera berezi horretan izandako erantzuna nabarmendu dute antolatzaileek, 51 lan aurkeztu baitira.

Zehaztu dutenez, Euskal Herriko leku askotatik heldutako lanak dira jasotakoak eta egileen adin tarteari begiratuta, aipatu dute ia erdia adin txikikoek sortutakoak direla, 24 guztira.

Boto emaileen artean oso parte hartze handia lortu du ekimenak, 2.600 bozka jaso baitituzte, orain arteko kopururik handiena.

Kontzientziazio kanpaina bat buruan

«Janzten dugunaren inguruan hausnartzea» spot lehiaketaren ardatz izanik, «kontzientziazio kanpaina baterako spota» sortzea zen erronka. Modaren arloan, tendentzia berriak, horiek jarraitzeko gehiegizko kontsumismoa edota erabili eta botatzeko arropa merkearen kontsumoa izan dira egileen inspiratzeko irizpideak, errealitatea horren atzean dauden ondorioekin: lan esplotazioa, produktu toxikoen erabilera, osasun arazoak…

«Erosten dugunaren inguruko kontzientzia hartzea izan da aurtengo lanekin lortu nahi izan dena», nabarmendu dute antolatzaileek. Aurkeztutako lanak «euspot.eus» web-orrian daude ikusgai.

Saritan 2.550 euro banatuko ditu Euspotek. Lehengo saria 1.000 eurokoa izango da, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euro jasoko ditu, publikoaren saria eskuratzen duenak 500 euro lortuko ditu eta musika sinkronizazio onenaren saria 300 eurokoa izango da. 14 eta 18 urte bitarteko egileentzat BHklio saria aurreikusten du lehiaketak, 250 eurokoa. Sari banaketa maiatzaren 28an izango da.