GAUR8 - mila leiho zabalik

Sarrallek gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa samurtzeko bekak eskaini ditu

Azpeitian kokatua dagoen Sarralle industria-ingeniaritzako euskal taldeak bigarren urtez jarraian emakumeak alor teknologikora eta zientifikora hurbiltzeko laguntzak bultzatu ditu

Aurtengo beka deialdiaren kartela

Bigarren urtez segidan Sarralle industria-ingeniaritza taldeak Sarralle Grow izeneko beka programa jarri du martxan. EAEn bizi diren, 18 eta 25 urte bitartean dituzten eta datorren ikasturtean unibertsitate-ikasketak zientzien adarretan egitekoak diren emakumeei zuzendutako laguntzak dira. Bekak urte anitzekoak dira, 1.000 eurokoak ikasturte bakoitzeko, eta hurrengo ikasturtean beraiek aukeratutako unibertsitatean adar zientifiko batean gradu bikoitzeko ikasketak hasiko dituzten emakumeei zuzentzen zaizkie.  

Laguntza programa honekin gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazi nahi du Sarrallek. Gaur egun, lau emakumetatik batek soilik hautatzen ditu unibertsitate-ikasketa zientifikoak. Sektore horietan emakumeen jarduera-tasa gizonena baino askoz apalagoa da, askotariko arrazoi kultural eta sozialengatik, eta postu okerragoak izaten dituzte. Gainera, emakumeek beren ibilbide profesionalean aurrera egiten duten heinean, gero eta emakume gutxiago iristen dira zuzendaritzako eta ardura handiko postuetara, kristalezko sabai eta korridore horien eraginez.

Ordaindutako praktikak

Dirulaguntza horiez gain, Sarralleko ingeniaritza-esparruan eta korporazioko departamentuetan ordaindutako praktikak egiteko aukera izango dute udako partean bekak eskuratzen dituztenak, eta gradu amaierako proiektua ere egin ahal izango dute, beren ibilbidea garatu nahi duten taldeko dibisioan.

Interesa duten emakumeek uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dute eskaera, eta irailaren 11ra arteko epea izango dute agiriak entregatzeko. Interesa dutenek Sarralleko webguneko (www.sarralle.com) careers atalean dagoen eskaera-inprimakia bete behar dute, eta eskatutako agiriak erantsi behar dituzte, edota posta elektroniko bidez bidali seleccion@sarralle.com helbidera, gaiaren atalean BECAS GROW adieraziz.