GAUR8 - mila leiho zabalik

Garapen Iraunkorreko helburuak enpresetan. Eta, euskara?

Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Horixe izango da aurtengo Enpresarean Azokan jorratuko duten gaia. Urriaren 22an izango da, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Aurtengo kartela

Administrazioak eta enpresak Nazio Batuen Erakundeak abian duen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak zehazten dituen helburuei jarrita daude. Marko horrek mundua hobetzeko 17 helburu definitzen ditu, baina horien artean ez da hizkuntza aniztasuna esplizituko aipatzen. Horrekin konturatuta, Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Euskaragileak enpresa batzordeak gai horixe proposatu du aurtengo Enpresarean Azokan jorratzeko: Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Eta hizkuntza aniztasuna?

Bai Euskarari Elkarteak garbi dauka: «berezko lekua eskaini beharko litzaioke hizkuntzari Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean eta olatua baliatu beharko genuke lanketa eta proposamen bat egiteko, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte-erantzukizunaren parte baita». Bide horretan, hiru zutabe izango ditu jardunaldiak: Jasangarritasuna; Hizkuntza; eta Inklusibitatea eta hazkunde ekonomikoa.

Data lotua dago, urriaren 22a. Tokia, Hernaniko Orona Ideon. Hala ere, eta egungo egoeraren ziurgabetasuna ikusita, aukera guztiak pentsatzen eta prestatzen ari dira antolatzaileak. Aurrez aurreko jardunaldiak ezingo balira egin, beste bide batzuk erabiliko lirateke. «Era batera edo bestera, baina jardunaldiak egin egingo dira. Horregatik diogu data hori gordetzeko; urriaren 22». Oraintxe ari dira hizlariak eta parte-hartzaileak lotzen eta irailean barna zehaztuko dute gehiago egitaraua.

Jardunaldi horiek bi urtez behin egiten dira eta aldian aldian lantzen den gaiaren arabera, arlo askotako jendearengana iristen da. «Aurtengo gaia Garapen Iraunkorra da eta enpresa asko ari dira horri begira. Enpresentzat interesgarria izan daiteke, baina baita beste arlo askorentzat ere», azaldu dute Bai Euskarari Elkartetik. «Guk garbi daukagu ongizatearen testuinguru horretan, gizarte hobeago bat eraikitzeko ahaleginean, hizkuntza aniztasuna eta gure kasuan, euskara, oso kontuan hartu behar direla. Guretzat euskara ongizatea da».