GAUR8 - mila leiho zabalik

Alberto Shommerren «Garaikideak» erakusketa, irailaren 6a arte Amarika Aretoan

Osasun egoerak gogor astindu du artearen eta, oro har, kulturaren mundua. Alberto Shommer argazkilari gasteiztar handiaren «Garaikideak» erakusketa Covid-19ak eragindako konfinamenduaren bezperan zabaldu zuten; beraz, lagun gutxik ikusi zuten lehenengo egun haietan. Edonola ere, eta baldintza berezitan, irailaren 6a arte ikusteko aukera dago Gasteizko Amarika Aretoan. 

Alberto Shommer liburu baten eta erakusketa baten aurkezpenean (Amarika Aretoa)

Erakusketa Shommerren lan motarik onenetakoa bildu du: erretratuak. Berrogei urte baino gehiagoan landu zituen. Erretratu horietako asko hedabideetan argitaratu ziren. Boterea, ekonomia eta kultura irudikatu zuten eta herri honen eta Estatu espainolaren arestiko historiaren bilduma ikonografiko aparta osatu zuten.

Erakusketa honetarako, lehen aldiz bildu da Estatuko kultur munduarekin lotutako gizon-emakumeei soilik eskainitako erretratuen aukeraketa zabala. Hautatutako argazki batzuk oso ezagunak dira; beste batzuk, berriz, ia argitaragabeak, eta denak ere, ikonikoak. Kronika bisual modura, XX. mendeko kulturan zehar ibilbide bisual bat egitera gonbidatzen gaituzte, kulturgileen izenetatik abiatuta.

Ikusgai daude pintura, zinema, literatura, musika, antzerkia, dantza eta beste arlo batzuetako aurpegiak, guztiak ere 1978 inguruko garaiko protagonistak.

Martxoan hasi zen konfinamendua baino lehen zabaldu zen erakusketa irailaren 6a arte ikusteko aukera dago, Gasteizko Amarika Aretoan.

Mundua, argazkirik gabe, «txikiagoa»

Alberto Shommer Gasteizen jaio zen 1928an. Haren ibilbide emankorrak eragin ikaragarria izan zuen gazte hasi berriengan eta, oro har, bere belaunaldiko argazkilariengan. Errretratuaren maisu, argazkilaritzaren lengoaiaren berritzaile izan zen. Bitarteko hori artetzat eta argazkilaria artistatzat jotzea defenditu zuen sutsuki.

Argazkilaritza-irudirik gabe mundua txikiagoa izango litzatekeela zioen. Berak mundua handiagoa izan zedin ibilbide luzea egin ondoren, 2015ean, hil zen Donostian.