GAUR8 - mila leiho zabalik

Hiriak bizigarriago egiten dituzten faktoreak, Donostian aztergai udako ikastaro batean

Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoak eta Habic EAEko ekipamendu, altzari eta diseinuko klusterrak udako ikastaro bat antolatu dute hilaren 17 eta 18rako, hiriak bizigarriago egiten dituzten faktoreak aztertzeko.

Donostiako kaleak, irudian. (Jon URBE/FOKU)

Cristina Enea Fundazioak ikastaroa antolatzen laguntzen du. Jakinarazi duenez, hiri-diseinua «ikuspegi integral eta inklusibo batetik» jorratuko da, hiri bat «bizitzeko modukoa, integratzailea, osasungarria eta bizitzarako erakargarria» egiten duten faktoreen inguruan hausnartuz.

Bestalde, hitzorduak «ikuspegi holistiko eta diziplinarteko» bat izango duela gaineratu du, «herritarren parte-hartzera eta hiri-ingurunea eraldatzeko gaitasunera hurbilduz».

Bi saiotan, galdera egokiak egiten saiatuko dira, hiriaren eraldaketari eta sorrerari eragiten dieten egungo gaien erantzunak bilatzeko.

Udako ikastaroan landuko diren gaietako batzuk hauek dira: hiri-espazioaren kalitatea eta eraldaketa, lekuaren nortasuna, genero-ikuspegia, ahalduntzea, osasuna, belaunaldien arteko harremana, jasangarritasuna eta erabakiak hartzeko tresna eta teknologia berrien erabilera.

Saioak Miramar Jauregian, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan –bertan, Gary Hustwiten “Urbanized” filmaren proiekzioa, irailaren 17ko 16.30ean– eta Euskadiko Arkitektura Institutuan izango dira. Jardunaldiaren jarraipena online eta aurrez aurre egin ahal izango da, haren webgunearen bidez. Izen-emateak irekita daude jada.

Bestalde, hirigintza berri bat hizpide, hilaren 17 eta 18rako “Hirigintza COVID garaian. Espazio publikoak bizi eta eraldatu” izenburua duen topaketa egingo da Tafalla eta Artaxoa herrietan, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak bultzatuta.