GAUR8 - mila leiho zabalik

Erleen pozoia bularreko minbiziaren zelula erasokorrak suntsitzeko gai dela idoro dute

Erleen pozoia bularreko minbiziaren zelula erasokorrak suntsitzeko gai dela aurkitu du ikertzaile talde batek, tratamendurako aukera gutxi dituen minbizi hirukoitz negatiboen kasuetan ere. Aurkikuntzaren egileek azaldu dute, gainera, pozoiak daukan melitinak nabarmen murritz ditzakeela minbizi-zelulen mezu kimikoak, minbizi-zelulen hazkunderako eta banaketa zelularrerako funtsezkoak direnak.

Erleen pozoiaren erabilera aztertzen ari dira. (Gari GARAIALDE/FOKU)

Harry Perkins Ikerketa Medikoko eta Mendebaldeko Australiako Unibertsitateko ikertzaile talde batek, Ciara Duffy doktorearen gidaritzapean, erleen pozoiak bularreko minbiziaren zelula erasokorrak suntsitzeko gai dela aurkitu du.

Perthen (Mendebaldeko Australia), Irlandan eta Ingalaterran 312 erle melifero eta erlastarren pozoia erabiliz, bularreko minbiziaren azpimota klinikoetan duen eragina frogatu dute, tratamendurako aukera gutxi dituen bularreko minbizi hirukoitz negatiboa barne.

“npj Precision Oncology” aldizkarian argitaratutako emaitzek agerian utzi dutenez, erlearen pozoiak berehala suntsitu zituen bularreko minbizi hirukoitz negatiboa eta HER2rekin aberastutako bularreko minbizi zelulak.

«Bularreko zelula normaletan eta bularreko minbiziaren azpimota klinikoetako zeluletan probatu genuen erlearen pozoia: hormona-hartzaile positiboa duen bularreko minbizia, HER2-tan aberastua eta hirukoitz negatiboa. Gainera, melitina izeneko erlearen pozoian karga positiboa duen peptido txiki bat probatu genuen, sintetikoki erreproduzitu genezakeena, eta produktu sintetikoak erle pozoiaren minbiziaren aurkako efektu gehienak islatzen zituela ikusi genuen», azaldu du doktoreak.

Horrela, erlearen pozoiak eta melitinak bular hirukoitz negatiboko minbiziaren bideragarritasuna eta HER2rekin aberastutako bularreko minbiziaren zelulak modu nabarmen, selektibo eta azkarrean murriztu zituztela ikusi zuten. «Pozoia oso indartsua zen», gaineratu du.

Ikertzaileek azaldu dutenez, pozoi kontzentrazio espezifiko batek minbizi zelulen heriotzaren %100 eragin dezake, zelula normaletan eragin minimo bat duen bitartean. Izan ere, aurkitu dute melitinak minbizi-zelulen mintzak erabat suntsi ditzakeela 60 minutuan.

Eragina, zelulen hazkundean

Adituek idoro dute, era berean, erleen pozoian melitinak ere beste ondorio nabarmen bat izan zuela. Zehazki, 20 minutuan, melitinak nabarmen murriztu ahal izan zituen minbizi-zelulen mezu kimikoak, horiek funtsezkoak baitira minbizi-zelulen hazkunderako eta banaketa zelularrerako.

Orobat, taldeak melitina molekula txikiekin edo kimioterapiekin (doketaxel, adibidez) bularreko minbizi mota oso oldarkorrak tratatzeko erabil daitekeela ikusi dute. «Melitinaren eta doketaxelaren konbinazioa oso eraginkorra izan zen saguengan, tumorearen hazkundea murrizteko», gaineratu dute.