GAUR8 - mila leiho zabalik

Nazioarteko argazki lehiaketa bat, emakume arkitektoen lana ikusarazteko

Unescoren Kultura Paisaiak eta Ondarea Katedrak eta EHUko Ondare Eraikiaren Ikertaldeak nazioarteko beste erakunde batzuekin batera emakume arkitektoen lana eta ekarpenak ikusaraztea helburu duen argazki lehiaketa antolatu dute. Proiektuen eta ekarpenen irudiak aurkez daitezke, eraikuntzen data mugarik gabe.

Margaret Bourke-White argazkilaria New York-eko Chrysler eraikinean. (Oskar Graubner/The Life/ Getty Images)

Urteetan isilaraziak edo «eklipsatuta» izan diren emakume arkitektoen lanak «berrenfokatzea» eta merezi duten protagonismoa lehen planora ekartzea da «Gure arkitektoak» izeneko nazioarteko ekimenaren erronka.

Antolakuntzan, Unescoren Kultura Paisaiak eta Ondareak eta EHko Ondare Eraikiaren Ikertaldeak hartzen dute parte beste erakunde batzuekin batera, eta helburu nagusia emakume horien lanak aitortzea da.

Lehiaketaz zehaztu dute bakarka edo taldean egindako proiektuen irudiak izan daitezkeela, etxebizitzaren arloan, arkitektura instituzionalari lotutakoak, paisaiakoak, hirigintzakoak edo diseinu lanekoak.

Hilaren 20ra arte

Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez eta irudiok jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar direla gaineratu dute.

Argazkiak bidaltzeko epea azaroaren 20ra arte dago zabalik, 24.00ak arte.

Lehiaketaren oinarriak nuestrasarquitectas.wordpress.com web-orrian ikus daitezke. Horrez gain, nuestrasarquitectas@gmail.com posta elektronikoa ere eskaintzen dute kontaktatu behar izatekotan.

Irudiak Instagramera igoko dira “Concurso Fotografía Nuestras Arquitectas” testuarekin arkitektuaren edo arkitektuen izen-abizenak eta lana zehaztuta #ConcursoNuestrasArquitectas2020 etiketan.