GAUR8 - mila leiho zabalik

“Oñatiko hika poltsikaran” liburuxka, hika egiten ikasteko eskuliburua

Ingo Xonau! proiektuaren barruan, Oñatiko hitanoa ikasteko oinarrizko informazioa eta aditztaulak batzen dituen liburuxka plazaratu du Badihardugu elkarteak, Oñatiko Udalaren babesarekin.

Liburuxkaren azala

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da, eta, horretarako, hainbat ekimen ipini ditu abian: testigantza-jasoketa, ikus-entzunezkoak, hika ikastaroa, hikalaguna... eta, orain, liburuxka. “Oñatiko hika poltsikaran” liburuxka poltsikoan eramateko moduko eskuliburua da eta bertan Oñatiko hitanoari buruzko oinarrizko informazioa eta aditz-taulak jasotzen dira.

Liburuxkaren 2.000 ale atera dituzte eta Oñatiko udal euskaltegian daude eskuragarri. Hikalagunen artean, hika ikastaroetan eta ikastetxeetan ere banatuko dituzte. Liburuxkaren bertsio digitala Oñatiko Udaleko webgunean eta Badiharduguren webgunean ere eskuratu ahal izango da.

Liburuxkaz gainera, Kontzejupetik herri aldizkariaren azaroko alearekin batera 'Oñatiko hikaren txuletia' banatuko dute Oñatiko etxe guztietara: 5.000 aletik gora. Bertan hitanoko aditz trinkoak eta adizki nagusiak batu dituzte, gehien erabiltzen direnak. Liburuxkaren bertsio laburra izango litzateke, nolabait esateko. Hori ere neurri txikikoa da, poltsan edo poltsikoan erraz eramateko modukoa.

Hitanoa biziberritzeko proiektua

Hikalaguna otsailetik dago abian, nahiz eta COVID19ak egoera dezente zaildu: 30-40 bat lagun astean behin geratzen dira, hika jarduteko, talde txikietan banatuta. Gainera, Oñatiko Jabetze Eskolan hika ikastaroa ere antolatu dute, emakumeentzat. Aste honetan bertan hasi dira.

Hain justu Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz, Oñatiko Udalaren babesari esker: Ingo xonau!. Badihardugu euskara elkarteak hartu zuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Iaz 54 herritar elkarrizketatu zituzten, eta ondoren grabazioak lantzen eta sareratzen joan dira: Ahotsak.eus webgunean daude ikusgai. Jasotako testigantzekin lau ikus-entzunezko ere prestatu dituzte.