GAUR8 - mila leiho zabalik

Sodio baterietarako mintz polimeriko berriak planteatzen ditu EHUren ikerketa batek

Gaitasun hobeak dituzten bateriak lortzeko borrokan, material berrien ikerketa puri-purian dago. Testuinguru horretan, EHUren ikerketa batek sodio baterietarako mintz polimeriko berriak proposatzen ditu. Litio erreserbak mugatuak dira baina sodioa lortzeko hainbat iturri dagoela nabarmendu dute.

Irudian, Asier Fernandez de Añastro ikerlaria. (EHU)

EHUk adierazi du «energia metatzeko material berriak aurkitzea eta garatzea gure gizartearen funtsezko arlo bat» dela, eta testuinguru horretan Asier Fernandez de Añastro Arrietak gidatutako ikerketaren garrantzia nabarmendu du, lehenengo aldiz «ionogelak –polimeroaren eta likido ionikoaren konbinazioa» erabiltzea planteatzen baitu sodio bateriak sortzeko.

Auto elektrikoetan, gailu elektronikoetan, ordenagailuetan edota sakelako telefonoetan litio-ohizko bateriak erabiltzen dira, energia-ahalmen handia baitute. Hala ere, litio-erreserbak mugatuak dira eta edozein unetan gerta liteke litio falta izatea edo haren prezioa nabarmen igotzea, azaldu du EHUk ohar batean.

Iturri gehiago, kostu txikiagoa

Errealitate horren aurrean, Asier Fernandez de Añastroren ikerketa sodio baterietan oinarritu da. Azaldu duenez, «sodioa, litiorekin alderatuta, energia-dentsitate txikiagoa duen arren, kostu txikiagoko bateriak sortzeko erabil daiteke, sodioa hainbat iturritatik atera baitaiteke, hala nola itsas uretik».

Kimika Industrial Aplikatua saileko eta POLIMATeko ikertzaileak zehaztu du «material polimeriko berriak aztertzea» dela tesiaren helburu nagusia eta «elektrolito gisa diharduten mintz polimerikoak» garatu dituztela. «Baina ez edozein elektrolito polimeriko, ionogelak baizik», zehaztu du ikertzaileak, ionogelak polimeroen ezaugarri onenak dituztela gaineratuz: «malgutasuna, kostu baxua eta arintasuna».

«Likido ionikoak, aldi berean, ioiak barreiatzeko gaitasun handia duten likidoak dira, eta ia suaren aurkako likidoak dira», argitu du ikerlariak.