GAUR8 - mila leiho zabalik

HitzKeta.eus, euskarazko literatura eta musika baliabideak biltzen dituen webgunea

Haurrentzako euskal abesti, olerki edota libururik bilatzen duenak HitzKeta webgunean eskaintza zabala aurkituko du. Ataletan sailkatuta, bideo eta karaoke formatuetan eskuragarri daude hainbat kanta, baita horiek lantzeko proposamen didaktikoak ere. Bildumak osatzen jarraitzeko, iradokizunen bila ari dira.

HitzKeta webguneak kantei dedikatutako atala, irudian.

Euskarazko, kantak, olerkiak, liburuak… bilatzen dituenak HitzKeta.eus klikatuta bildumen eskaintza zabal bat aurkituko du atal ezberdinetan sailkatuta. Donostiako Irakasle Eskolako ikasle talde baten proiektua da, eta erabilera didaktikoa daukan materiala ere aurkitu daiteke web atarian.

Bultzatzaileek eurek azaltzen dutenez, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta «horiek irakaskuntzarekin eta teknologia berrien erabilerarekin nola lotu» pentsatu zuten. Arlo horretan zegoena aztertu ostean, irakaskuntzan «gabezia nabarmena» ikusi zuten euskal kultura lantzeko baliabideei dagokienean, «txikienekin, batik bat».

Horregatik, Haur Hezkuntzako etapan euskarazko literaturak eta musikak zituzten hutsuneak betetzeko proiektuak HitzKeta forma hartu zuen eta irakasleentzat, ikasleentzat eta familientzat erabilgarri izan daitezkeen «kalitatezko baliabideak» eskegitzen joan dira.

Bildumak osatzen lagundu

Literatura eta kanten arloa oso zabala denez, herritarren laguntza eskatu dute web orrian bildu gabe dauden eta ezagunak diren olerki, abesti eta liburu gehiago jasotzeko. Horretarako, iradokizun eta proposamenak biltzeko atala prestatu dute.

Bitartean, HitzKeta klikatuta Liburuen bildumen atalean, «album ilustratuak», «ipuinak», «album mutuak» edota «ahozkotasunari» lotutako edukiak eskura daitezke, besteak beste.

Abestiei dagokienez, ospakizunekin lotutako kantak, euskal tradiziotik jasotakoak, jolaserako edo dantzarako erabilgarri izan daitezkeenak, animaliei buruzkoak edo lasaitzeko eta lotarako kantak eskaintzen ditu webguneak, proposamen didaktikoekin batera.

Bestalde, olerkiak, asmakizunak, aho-korapiloak eta esaera zaharrak aurki daitezke atarian, dagozkien lanketa didaktikoak eta bibliografia edota interesgarriak izan daitezkeen bestelako edukiak lortzeko loturak ere.

Kantak bideo eta karaoke formatuetan daude, dantzak eta letrak ikasteko. Azaldu dutenez, «helburu nagusia haurrek eskolaz kanpo ere –izan familia euskaldunekoak zein ez euskaldunekoak– euskaraz jolastu eta bizitzeko baliabideak eskura izatea da».