GAUR8 - mila leiho zabalik

Europako hiru beka, bateria arloko zientzialari berriak Gasteizen prestatzeko

Gasteizko CIC Energigune energia elektrokimiko eta termikoa biltegiratzearen arloko ikerketa zentroak «Destiny» izeneko programa europarraren 50 beketatik hiru lortu ditu, datozen bost urtetan zientzialarien eta ingeniarien belaunaldi berria trebatzeko.

CIC Energigunearen instalazioak Miñaon. (CIC EnergiGUNE)

Europako Batzordeak Marie Sklodowska-Curie Cofund programaren bidez finantzatuko bekak dira “Destinity-koak» eta doktorego ikasleak trebatzeari zuzenduta daude. Gasteizko Miñaoko parke teknologikoan dagoen CIC Energiguneak deialdiak dituen 50 beketako hiru lortu ditu, jakinarazi dutenez.

Montse Casas-Cabanas CIC Energiguneko koordinatzaile zientifiko eta beken koordinatzaileak azaldu duenez, «ikerketa taldeekin egiten ari garen lanaren aintzatespen handia da, ‘Destiny’ doktorego ikasle gehien jasoko dituen zentroetako bat baikara».

Beken garrantzia nabarmendu du «baterien arloko ikertzaileen hurrengo belaunaldiko buru izango diren pertsonak prestatzeko» prozesua ahalbidetzen dutelako.

CIC Energigunek aurten EAEra lehen aldiz ekartzea lortu duen “Destiny” programak bi deialdi izango ditu. Lehenengoan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik, eta 2021eko urrian hasiko da; bigarrena 2022ko urrian hasiko da, eta eskaerak 2022ko urtarrilera arte aurkeztu ahal izango dira.

Gasteizko zentroak hiru doktorego proposamenetan parte hartuko du beken lehen deialdian, horietako bitan modu esklusiboan eta beste batean Bartzelonako ICMABekin lankidetzan.

Zuzeneko bi beken gaiak hauek dira: “Li-ion eroale altuko polimero solidoen elektrolitoetarako egitura (poli)anioniko berriak”, Javier Carrascok eta María Martínez-ek gainbegiratua, eta “Elektrolito konposatu zeramiko-polimeroetan Li garraiatzeko mekanismo hobetuen diseinu arrazionala, karakterizazio elektrokimikoen eta RMN karakterizazio solidoen bidez”, Juan Miguel López del Amok gainbegiratua.

Rosa Palacín-ek gainbegiratuta ICMAB-CSICekin lankidetzan gauzatuko den beka, potentzia handiko Li-ion baterietarako nahastutako elektrodo positiboen materialen azterketa elektrokimiko eta estrukturalera egongo da bideratuta.

«Destinity» programa

“Destiny” programa Estatu frantseseko CNRS zentroak koordinatzen du, eta hogei unibertsitatek, sei ikerketa zentrok, bi ikerketa sarek, bi eskualdek, eskala handiko hiru instalaziok eta Europako 11 herrialdetako zazpi enpresek osatutako partzuergoa da. Enpresa horietako gehienak Europa mailako Alistore-Eri sarearen barruan daude.

Baterien ikerketan paradigma aldaketa bat sortzea eta energia biltegiratzearen balio kate osoa barruan hartzea da helburua, metodologia tradizionalak eta berritzaileak uztartuz eta komunikazioak, kudeaketa eta gizarte eta enpresa trebetasunak barne hartuz, hurrengo zientzialarien prestakuntza egokia lortzeko.