08 JAN. 2021 Gizarte zerbitzuen beharrik ez zuten familiak laguntza eskatzera behartu ditu pandemiak Covid-19ak gizarte zerbitzuetan azken hilabeteetan izan duen eragina aztertu duen bigarren txostenak baieztatu du gizarte laguntzak behar dituzten familien kopurua nabarmen ugaritu eta sekula behar izan ez duten etxeetara heldu dela. Gasteizko kaleak, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA/FOKU) GAUR8 Covid-19aren eraginari buruzko txostenak Estatu espainiarrean irail, urri eta azaro bitarteko egoera aztertu du eta EHUk parte hartzen duen unibertsitate taldeko ikerlariz osatutako lantaldeak burutu du. Ondorioztatu dutenez, «nabarmen ugaritzen ari da gizarte laguntzak behar dituzten» lagunen kopurua, eta «behar egoeran sekula izan ez diren» etxeetara heldu da horien premia, «ostalaritza eta beste zenbait sektore ixtearen ondorioz diru-aurrezkiak kontsumitu baitituzte». Ikerketaren emaitzen arabera, egoerak okerrera egin du neguan eta gizarte zerbitzuen erabiltzaile izan ohi diren pertsonen kolektiboan sumatu da. Profilei dagokienez, kontratu ezegonkorrak dituzten lagunak, diru-sarrerarik ez duten eta adingabeak ardurapean dituzten familiak eta pandemiaren ondorioz afekzio emozional larriak dituztenak aipatzen dira. Nekea eta etorkizun iluna Txostenak, bestalde, aditzera ematen du «gizarte zerbitzuetako profesionalak «nekeak jota daudela, martxotik aurrera egindako neurriz gaineko ahaleginagatik», eta horri gaineratzen diote ez dutela espero epe laburrean egoerak hobera egingo duenik. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, «gaur egun bai osasun sisteman bai sisteman bertan bizi den egoera konplexuak eragiten du gizarte langileak nekeak jota, kezkatuta eta nolabait nahastuta sentitzea; izan ere, sumatzen dute okerrena iristear dagoela, datorrena okerragoa izango dela eta ez dakite oso ongi nola egin ahal izango dioten aurre dagoeneko hautematen den krisi sozialari». Horrekin lotuta, hilabeteetako presioaren ondorioz profesionalen «inplikazio eta erantzukizun maila» higatzen ari dela ikusi dute ikerketan. Horren harira, Balear Uharteetako gizarte langile baten hausnarketa plazaratu dute: «Konturatzen zara gizarte zerbitzuak lehen sarea izan beharrean azken sarea direla, eta horrek neurriz gaindiko erantzukizun bat eragiten dizu, arretarik gabe inor ez uzteko estresa eragiten dizuna». Era berean, egoera berrira egokitzeko profesionalak «estrategia, neurri eta tresnak garatuz joan direla» gaineratu dute txostenean, beharrei erantzuteko programa berriak diseinatu baitituzte. Alde positiboan, pandemia orokortzearen ondorioz gizarte zerbitzuetara jotzearen lotsa kentzen hasi dela aipatzen dute profesionalek.