GAUR8 - mila leiho zabalik

Bilbotik Santurtzirako tranbiaren 125. urteurrena, Estatuan aitzindaria

Bilbotik Santurtzirako tranbia, trakzio elektrikoarekin martxan jarritako lehen trenaren 125. urteurrena ospatuko da astelehen honetan. Ondoren, Donostiakoa, eta geroago Durango eta Arratiarakoa heldu ziren, lehen aldiz jauzi hidroelektrikoen indarra erabiliz. Garraiobide publiko berriek lurraldearen garapenean izan zuten garrantzia gogoratzeko dibulgazio ekitaldiak antolatuko dituzte.

1896. urtean martxan jarri zen lehen tranbia. (Burdinbidearen Euskal Museoa)



Gaurko egunez, duela 125 urteko otsailaren 1ean, Bilbotik Santurtzirako tranbia jarri zen martxan, Estatuko trakzio elektrikoko lehen tren-ibilgailua izan zena. Mugikortasunerako eta garapen sozioekonomikorako iraultza handia ekarri zuen proiektu aitzindariak, lurrunaren erabileran edo tiro-animalien indarrean oinarritutako garraiobideen garai hartan.

Lakuako Gobernuak eta EuskoTren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak gertaera historikoa gogora ekarri eta hainbat dibulgazio-ekintza antolatuko dituztela iragarri dute, euskal gizarteari «metroetan eta tranbietan trakzio elektrikoak izan duen garrantzia» eta Euskal Herriak «izan duen zeregin aitzindaria» gogoratzeko. Efemeridea, gainera, Trenbidearen Europako Urtearen ospakizunaren testuinguruan gertatzen dela adierazi dute.

Bilbotik Santurtzirako lehen tranbiaren ondoren Bilbotik Durangorako eta Arratiarako tranbia helduko zen sei urte beranduago. Gogoratu dute «modu guztiz ekologikoan» mugitzen zirela, «Garaiko eta Magunako jauzi elektrikoekin indarra» erabilita.

«Ordura arte, gaur egungo enpresa ekoizle eta banatzaile handiak existitzen ez ziren garai batean, tranbia-elektrifikazio guztiek zentral sortzaileak ezarri zituzten lurrun-makinen bidez», nabarmendu dute, berrikuntzak etorkizunera begirako proiekzio aitzindariaz.

Ibilbide historikoa

Aurreratu dute dibulgazio ekitaldien artean 1896an Bizkaian martxan jarri zen lehen tranbia elektrikoa eta urtebete geroago Donostiatik Errenteriako tranbiaren historia jorratuko dutela, baita «Lehen tranbia ekologikoa, Bilbotik Durangora eta Arratiara (1902) eta hidroelektrizitatearen aldeko tranbia-apustua Donostiako hirian eta Donostiatik Tolosarako hiriartekoan (1903-1912)» ere.

Lehen tranbiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuten garapenaren azterketarekin batera, trolebusen zerbitzua, automobilaren garapen azkarra eta oro har metroa eta tranbia berrien etorrera arte garraiobide publikoen historia berreskuratuko dute oraindik zehaztu ez dituzten ekimenek.