GAUR8 - mila leiho zabalik

Egunerokoan klima aldaketa geldiarazteko neurriak EHUn

Euskal Herriko Unibertsitatean egunerokoan klima aldaketari aurre egiteko neurriak jarri dituzte martxan. Karbono aztarnari buruzko makroikerketa bultzatzeaz gain, ohitura osasungarriak sustatzeko kanpaina jarri dute martxan liburutegietan, eta botilako uraren kontsumoa murrizteko ekimena abiarazi dute, besteak beste.

Klima aldaketaren aurreko gazteen mobilizazioa, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)Gazteen mobilizazioak

Euskal Herriko Unibertsitateak klima aldaketari aurre egiteko martxan jarri dituen ekimen ezberdinen berri eman du. Horien artean, Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritza “Karbono Kartografia 2021” karbono-aztarna neurtzea eta berotegi efektuko gasen isuria kalkulatzea helburu dituen proiektuan parte hartzen ari dela zehaztu du.

Gizarte osoari irekitako egitasmo horren barruan, parte hartzaileak egunerokoan gauzatzen dituen ekintzekin zer-nolako karbono aztarna uzten duen jakin dezake, eta aldi berean, hobetzeko gomendioak jaso. Horretarako, galdetegi erraz bat betetzea eskatzen da.

Egitasmoa “The Planet app” plataformak koordinatzen du, eta estatu mailan bildutako informazioarekin, txosten bat aurkeztuko du, gizarteari eta erakundeei zuzendua.

Proiektuaren harira, aurreratu dute webinar bat egingo dela unibertsitatean martxoaren 24an, «karbono aztarnak zer esan nahi duen ulertzeko oinarrizko kontzeptuak» azaltzeko, baita «hura murrizteko eta klima aldaketari aurre egiteko banaka eta modu kolektiboan zer egin dezakegun» jakinarazteko ere.

Ohitura osasungarriak

Abian jarritako urratsen artean, ohitura osasungarriak sustatzeko kanpaina ere aipatu dute. Martxoaren 26ra arte, argazki lehiaketa baten bitartez, «pandemia garaian hasi edo berriz hasi duten ohitura osasungarriren bat erakutsi ahalko dute» unibertsitateko kideek, ez baitago soilik ikasleei zuzenduta.

Ekimena ehuBibliotekak jarri du martxan, eta ehuDendan erabiltzeko 100 euroko bono bat zozkatuko du lehiaketan parte hartzen duten pertsona guztien artean. Parte hartzeko urratsak ehuBibliotekaren webgunean daude publikatuta.

Horrekin batera, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak ingurumenari buruzko lehiaketa bat martxan jarri duela iragarri du EHUk. Ikasleei zuzenduta, “Iturriko ura kontsumitu: ez kutsatu eta, gainera, aurreztu” leloa du eta helburua da botilako uraren kontsumoa murriztea.

Kasu honetan, martxoaren 15a baino lehen Instagramen irudiak, bideoak edo istorioak argitaratzea eta #txorrotakourakontsumitu traola erabilita Fakultatearen kontua (@upvehu_gkz_csc) jarraitzea eskatzen da, .