22 MAR. 2021 Elhuyarren itzultzaileak izen berria du: Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak Elia izena izango du aurrerantzean eta ez da dakarren berrikuntza bakarra. Itxura berritu eta puntako teknologiari esker itzulpenak «lau aldiz azkarrago» egiten dituela nabarmendu dute. Elia, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren irudi berria. GAUR8 «Elhuyarren itzultzaile automatikoak berrikuntzak dakartza azalean eta mamian». Horrela aurkeztu ditu Elhuyar fundazioak sei hizkuntza dakizkien itzultzailea eraberrituan, izenean, azkartasunean eta erabileran egindako aldaketak. Lehen berrikuntza izena bera da. Tresnak Elhuyarren Itzultzaile Automatikoa deituratik hartu du izena: Elia. Baina aldaketak erabileran ere nabarituko direla aurreratu dute, duela urtebete baino lau aldiz azkarrago itzultzen baititu dokumentu formatudunak, nabarmendu dutenez. «Elia garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu dituzte Elhuyarreko ingeniariek, besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronala», adierazi dutenez. Tresna malguagoa eta erabilerraza dela aipatu dute. Helburua, iaz izan zituen datuak (1.776.767 bisita eta 12.180.660 itzulpen-eskaera) hobetzea. Zehaztutakoaren arabera, «Eliaren bidez, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)». Elia webgunean zein telefonoan deskargatutako aplikazioan erabil daiteke, bestalde. Android nahiz iOS sistematarako bertsioak daude, eta doan deskargatzekoak dira. Itzulpenak sei hizkuntzen artean egin daitezke, nahikoa da testuan dagoen tokian euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, katalana edo galegoa nahi den aukeratzea. Botoia sakatuta Telefonorako aplikazioaren kasuan, duen erabileraren funtzionamendu erraza azpimarratu dute. «Ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elia agertuko zaigu aukeretan. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua», azaldu dutenez. Aplikazioak irudietako testua «detektatu eta itzultzeko» funtzioa ere badu: «horretarako, aski da itzuli nahi dugun irudiari argazki bat ateratzea edo lehendik dugun irudi bat aplikazioan kargatzea, eta aplikazioari itzultzeko eskatzea».