GAUR8 - mila leiho zabalik

Martxan dago Gaztezulo Bideo Lehiaketaren edizio berri bat

Istorioak irudi bidez kontatzea gustuko duten 16 urtetik aurrerako gazteei zuzenduta, gutxienez minutu bat eta gehienez hiru minutuko bideoak eskatzen ditu lehiaketak. Baldintzak, euskaraz izatea eta «Gaztezulo» paperezko aldizkaria, digitala edo webgunea agertzea.

GAZTEZULO

Martxan jarri dute Gaztezulo Bideo Lehiaketaren edizio berri bat. Lanak aurkezteko epea apirilaren 5ean zabalduko da eta maiatzaren 21aren 12.00ak arte egongo da zabalik, baina filmatzen hasi nahi duenak dagoeneko webgunean dauzka deialdiaren xehetasun guztiak lanean hasteko.

Deialdia 16 urtetik gorako gazteentzat zuzenduta dago. Lanak lagun batek edo taldean eginak izan daitezke.

Gakoa da istorio bat bideo bidez kontatzea, nahi den gaia hartuta. Ezinbesteko baldintza bi ditu deialdiak: euskaraz izatea eta “Gaztezulo” paperezko aldizkaria, aldizkari digitala edota webgunea agertzea.

Hizkuntzari dagokionez, azpimarratu dute bideoan ahotsa, musika, kartelak edo bestelako elementu grafikorik azaltzekotan euskarazkoa izan behar duela.

Ikusleen botoak, zain

Parte hartzeko, formularioa bete behar da eta bidalketa online egin, oinarrietan zehazten den sistema jarraituz. Hala ere, antolatzaileek zehaztu dute komeni dela lanak ahalik eta lasterren bidaltzea, Ikuslearen Saria irabazteko aukera gehiago izateko, jasotako bideoak Gaztezuloren Youtubeko kanalera igo eta webean publikatzen joango baitira.

Aurtengo edizioan Joan Plazaola aktoreak, Ane Irazabal kazetariak eta Izaskun Arandia zinema ekoizleak osatuko dute epaimahaia.

Bideo onenaren egileak 1.200 euroko saria jasoko du, bigarren saria 300 eurokoa izango da eta hirugarren sari bat dago ikusleen boto gehien daukan lanarentzat, hainbat produktuz eta “Gaztezulo” materialez osatutako opari sorta jasoko duena.