GAUR8 - mila leiho zabalik

Eutanasia Legea Osakidetzaren webgunean azalduta: «nork, noiz, nola eta zer egoeratan»

Lakuako Gobernuko Osasun Sailak eta Osakidetzak eutanasia arautzen duen legeari buruzko informazio didaktikoa argitaratu dute euren webguneetan. Ekainaren 25ean indarrean sartuko den legearen aurrean, eskubidea «nork, noiz, nola eta zer egoeratan» eska dezakeen azaltzen dute.

Eutanasiaren aldeko ekimen bat Donostian, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Eutanasia legearen inguruko informazio didaktikoa jasotzen duten atal bereziak argitaratu dituzte Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak euren web orrietan. Leiho berri horietan, «eutanasia nork, noiz, nola eta zer egoeratan eska daitekeen azaltzeko informazioa jasotzen da», baita prozesuan esku hartzen duten profesionalentzat zuzendutako aparteko edukiak ere.

Legeraen tetsu osoa ekura daiteke atal berrian. Eskubidea bete nahi duten pertsonek ekainaren 25etik aurrera eskatu ahal izango dute, araua orduan sartzen baita indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argiratu eta hiru hilabetera.

«Lege horren helburu nagusia da eskubide berri bat eta osasun-prestazio berri bat despenalizatzea eta arautzea: eutanasia edo hiltzeko laguntza medikoa», azaltzen du Osasun Sailak aipaturiko leihoan. Gogoratzen du, bestalde, ordenamendu juridikoan eskubide indibidual berria onartzen duen legea hamarkadetan hainbat arlotan izandako eztabaida sakonen emaitza dela eta Exekubioak eskubidea betetzen dela bermatzeko duen konpromisoa agertzen du.

Adierazten duenez, konpromisoa hartu du «laguntzeko eta hura baliatzeko bide emateko, bai hura erabili beharra duten gaixoei, bai bokazioz eta konpromisoz Euskadin bizi diren pertsona guztiei haien bizitzaren hasieratik amaiera arte kontzientziaz arreta ematen dieten profesional sanitario guztiei».

Legearen inguruko ezagutza errazteko laburpen bat egin da, galdera-erantzun formatuan, eta eguneratzen eta zabaltzen joango da, legearen ezarpenaren ondoriozko informazioarekin, paziente, familia eta profesionalekin harremanetan egotean eskuratutako informazioarekin eta EAEko Berme eta Ebaluazio Batzordearekin.