GAUR8 - mila leiho zabalik

Ondarearen kontserbazioa Kuban, Senegalen eta Euskal Herrian, EHUko udako ikastaroak abian jartzeko

Kuba, Senegal eta Euskal Herria harremanetan jarri eta ondarearen kontserbazioa ardatz izango duten nazioarteko topaketak egingo dira Bilbon. Maiatzaren 24an, 25ean eta 26an, hainbat esperientziaren inguruko ezagutza partekatuko dute EHUko udako ikastaroei hasiera emango dietn jardunaldietan.

Habana Zaharra, irudian. (GettyImages)

Kultura Communication eta Desarrollo (KCD) GGKEak Kuba,Senegal eta Euskal Herriaren arteko loturan sakondu nahi duen ekimena abiatu du maiatzaren 24an hasiko diren nazioarteko topaketen bidez. Ondarearen kontserbazioa izango da gai nagusia eta hiru egunetan zehar izango dira, 24an, 25ean eta 26an, hain zuzen, arratsaldeko ordutegian.

Hitzaldien ardatz nagusia ondarea izango da, eta «hiri plangintza, arkitektura, horien birgaikuntza eta kontserbazioa» ere izango da hizpide, herritarren parte hartzea oinarri izan dituzten proiektuetan arreta berezia jarriz.

Kubako Habana Zaharrean edota Senegaleko Sant Louis uhartean gauzatutako berreskuratze proiektuen ondoan, EAEko zenbait esperientzia aztertuko dituzte “Kultura, Ondarea eta Garapen Iraunkorra” ikastaroan.

Horretarako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait adituk hartuko dute parte, «gaiari buruzko esperientziak eta ezagutzak trukatzeko».

Izan ere, «hegoaldeko herrialdeen artean baliabideen, teknologiaren eta ezagutzaren trukea sustatzea» da topaketen helburua, «gizateriaren ongizaterako garapena bultzatzea xede duten Euskadiko zenbait eragileren esku hartzea» bultzatuz.

Bizkaia Aretoan eta online

Topaketek aurrez aurre eta online formatuan jarraitu ahal izango dira. Bizkaia Aretoan izango dira, baina osasun egoera dela-eta, hitzaldien edukiera mugatua izango da. Hala ere, online jarraitzeko aukera dago, Zoom-en bidez.

Saioak 17:00etatik 20:00etara egingo dira, eta doakoak dira, baina parte hartzeko www.uik.eus web orrian eman behar da izena.

KCD GGKEaz gain, Aminatak eta Senegaleko Hahatay GGKE-ek, Kubako Habana Hiriko Historialarien Bulegoak, EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak eta EHUko Udako Ikastaroek antolatu dituzte topaketak. Hitzaldi ziklo honekin hasiera emango diete unibertsitateko udako ikastaroei.