GAUR8 - mila leiho zabalik

San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako aniztasuna Open Auzoa programan dastatzeko prest

San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalan herriko kaleak girotu eta bertako denda eta tabernetan kontsumoa dinamizatu nahi duen programa jarri dute abian: Open Auzoa, Bilbo historikoaren aniztasuna dastatzeko aukera emango duena.

Open Auzoa programak jarduera eta ekitaldi ezberdinak utziko ditu uda osoan zehar. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bilboko auzo garaiak artez, kulturaz eta gastronomiaz beteko dira aste honetan hasi eta uda osoa zehar, Open Auzoa programari esker. Ekimena San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako dendari eta enpresen elkarteek beste entitateekin lankidetzan antolatu dituzte, besteak beste Bilboko Berreginen Museoa eta BilbaoHistorikoren laguntzarekin.

Bertako auzokideak eta kanpoko bisitariak auzo historikoetara erakarri eta bertako dendetan eta ostalaritzan kontsumoa dinamizatzea da helburua. Hurrengo egunetan bertan gozatu daitezkeen jardueren artean pintxoen ibilbidea, erakusleiho lehiaketa, zozketak, bisitak edota tailerrak daude.

Egitarauari begiratuta, Manuel Balsa «El ruso» akuarela lehiaketa eta erakusketa dago. Hiru auzoetan zeharreko ibilaldi batean lehiaketaren lanak izango dira ikusgai. San Frantziskoko Komentuko aztarnategian Lehenego Sarien erakusketa izango da eta, horrez gain, 20 proposamen artistiko originalak erakutsiko dituzte auzoetako kaleek.

«Vermutaldia»

Egunotan, gainera, BilbaoHistorikok eta dendarien elkarteak 21 taberna biltzen dituen ibilbidean parte hartzeko aukera dago. Ekimena hurrengo 20ra arte egongo da martxan, baina horren ondoan “Vermutaldia” proposatu dute, edariaren hainbat prestaketa modu eskaintzen dituzten 20 tabernaren eskutik.

Bertaratzen denak pintxo jaialdia ere aurkituko du 20ra arte. “Pintxo rally ibilbidea” deitu diote eta tabernek prestatutako eskaintzaren barruan pintxo beroak ere badaudela aurreratu dute.

Bermutetik kokteletara. Azken hauek ekainaren 24tik uztailaren 4ra bitartean izango dira protagonistak Priden-en hilabetearen harira eta LGTB kolektiboaren eskubideen eta genero eta sexu aniztasunaren aldeko keinu gisa. “Harrotasun koktelak” deitu diote ibilibideari eta tabernariek ekimenerako prestatutako koktel edo edari berezia dastatzeko aukera izango da.