GAUR8 - mila leiho zabalik

Janari makinak eta nutrizio txikiko elikagai eta edari merkeak

EHUko lan batek fakultateetan dauden janari eta edari makinen eskaintza aztertu du nutrizioaren ikuspegitik. Ikerlanak erradiografia bat eskaini du, obesitatearen prebalentzia handiak eskatzen duen esku-hartzea erronka  hartuta.

Naiara Martinez Perez eta Marta Arroyo-Izaga ikerlariak. (Jorge Navarro-EHU)

EHUko ikerlan batek unibertsitatean bertan dauden makinetan eskaintzen diren elikagaiak eta edariak aztertu ditu, nutrizio profilari eta prozesatze mailari arreta berezia emanez. Lanaren helburuen atzean kezkatzen duen errealitate bat dago: «obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentzia handia», baita erronka bat ere, patologia horiek prebenitzeko adituek beharrezko ikusten duten esku-hartzea.

Ikerlariek datu bat eskaini dute: Estatu espainola Europako liderra da makina horien erabileran, makina bat 80 biztanleko baitu. Europan 180 biztanleko bat da batezbestekoa.

Naiara Martinez Perez Erizaintzako Saileko irakasleak azaldu duenez, frogatu da helburu horietara iristeko moduetako bat osasuna sustatzea dela, baina erantsi du edozein esku-hartze hasi aurretik egoera ezagutu behar dela.

Gozokiak, salduenak

Elikadura Jasangarria ikerketa-taldeak fakultate eta zentro guztietako makinak aztertu ditu, 202 guztira. Egiaztatu du salgai dauden produktuen artean ia erdia nutrizio kalitate txikikoak direla, eta hiru laurdenak prozesatze maila handikoak. Gainera, nutrizio balio txikikoak merkeenak dira eta gainerakoak baino gehiago sustatzen dira.

Emaitzen arabera, gehien saltzen diren produktuak gozokiak dira (%23,4), kafea (%20,3) eta aperitibo gaziak (%11,7). Prezioek eta promozioek eragina dute kontsumitzaileen erosketetan, eta atal horri dagokionez, ikusi dute nutrizio balio handiko elikagai eta edariek aukera gehiago dituztela garestiagoak izateko.

Produktuen kokapena ere aztertu dute, eta ikusi dute gomendio dietetiko osasungarriak betetzen dituzten elikagaiak eta edariak besteak baino gutxiago sustatzen direla. Adibide gisa, Martinezek esan du ez dela ohikoa fruta pieza bat makinaren erdian edo begien parean aurkitzea. «Izkinetako batean jartzen dira, oro har beheko aldean», azaldu du.