GAUR8 - mila leiho zabalik

Lepahori bat hilda aurkitu dute Salburuan, espezie «arraroa» mehatxatutakoen euskal katalogoaren arabera

Aste honetan lepahori bat hilda aurkitu dute Salburuan, errepidean, Eguzki talde ekologistak informatu duenez. Espezie mehatxatuen euskal katalogoan, «arraro» gisa agertzen den espeziea da lepahoria. Neurriak eskatu dituzte fauna babesteko, eta protokolo bat proposatu.

Landan duela hilabete batzuk hilik aurkitutako lepahoria, irudian. (Agustin Rivas/Eguzki)

Eguzki talde ekologistak jakitnarazi duenez, aste honetan harrapatutako lepahori bat aurkitu dute Salburuan. Espeziea «arraro» gisa katalogatuta agertzen da Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan.

Animalia errepidean aurkitu dute hilda, eta ez da lehena. Talde ekologistak esan duenez, duela hamalau hilabete espezie bereko beste ale bat agertu zen Landan, auto batek harrapatuta.

Babestutako espezien habitatentzat errepideak «hesi efektua» egiten duela azaldu dute, animalientzat eta pertsonentzat dituen ondorioekin. Horregatik, «natur guneen arteko lotura bermatzeko urratsak egiteko» eskatu du Eguzkik.

Talde ekologistak ohar batean gogorarazi du animaliak harrapatzeak faunari eragiteaz gain, kalte material eta giza kalte handiak eragiten dituela.

Kolektiboak oharrarazi du natur guneen arteko konektibitate punturik ez izateak espezie babestuen populazioak isolatzen dituela, oso zaila egiten baitu gune batetik bestera igarotzea, eta errepideak «laban-papera» jokatzen duela. Horren aurrean, errepideak eta ubideek sortzen dituzten oztopoak gaindituko dituzten pasabideak sortzea «premia larria» dela uste du.

Jakinarazteko garrantzia

Eguzkiren iritziz, Arabako Foru Aldunditik hasita administrazioek «inplikazio handiagoa» izan behar dute «babestutako animalien heriotzak geldiarazteko», fauna basatiarentzako «pasabideak sortuz, kasuak berrikusiz, gune beltzak zehaztuz eta eragina izan dezaketen beste arrazoi batzuk azalduz».

Era berean, basa faunaren kalteberatasunaren aurrean, bisitariak, bizilagunak eta gidariak kontzientziatzeko beharra nabarmendu du. Bide horretan, gidarientzako aholkuak eman eta animalia batekin istripu bat gertatuz gero protokolo bat jarraitzea planteatu du, trafiko poliziak atestatua egiteko jakinarazteko; edota harrapatutako animalia bat detektatzen denean, ardura duten erakundeei lehenbailehen jakinarazteko.

Gogoratu dutenez, jakinaraztea garrantzitsua da, animalia bizirik badago herrialdeko errekuperazio zentro batera eraman ahal izateko; eta hilda badago, espeziea, errepidea eta kokapen zehatzari buruzko informazioa bildu, puntu beltzak detektatu eta neurri zuzentzaileak proposatzeko. Jakinarazpenak errekuperazio zentro bati deituta edo Foru Aldundiko basozainen zerbitzuarekin harremanetan jarrita egin beharko lirateke, azaldu dutenez.