GAUR8 - mila leiho zabalik

Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren lehiaketa abian da Bilbon

Zabalik dago, hilaren 30era arte, Bilbon egingo den zurrumurruen aurkako kontakizun laburren lehiaketan izena emateko epea. Migratzaileei buruzko pertzepzio negatiboen aurrean, aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren aterpea eraiki nahi dute begirada berriak ekarriko dituzten istorioekin.

Bilboko lehiaketan izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik. (Endika PORTILLO/FOKU)

“Zurrumurruen aurka, sartu aterpera!” kontakizun laburren lehiaketaren bosgarren edizioan parte hartzeko epea ireki du Bilboko Udalak asteazken honetan. Parte hartzeko, hilaren 30era bitarte bidali ahal izango dira kontakizunak, euskaraz edo gaztelaniaz, udal webgunearen bidez.

Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Arloak Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan dago lehiaketaren deialdia. Aniztasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko, migratzaileei buruzko pertzepzio negatiboak aldatzen laguntzea eta begirada berri bat ematea dira ekimenaren heburuak.

Edozein nazionalitateko partaideak

Udal iturriek jakinarazi dutenez, 18 urtetik gorako lagunak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, edozein nazionalitate edo bizileku dutela ere. Kontakizunaren gaiak zurrumurruen aurkako proiektuaren edukiak eta balioak azpimarratu beharko ditu: bizikidetza, kulturartekotasuna, aniztasuna, arrazakeriaren, estereotipoen, aurreiritzien, zurrumurruen aurkako borroka, identitatea, errespetua, elkarrizketa eta aniztasunaren abantailak eta ekarpenak.

Euskarazko zein gaztelaniazko modalitateetako irabazleek 350na euro jasoko dituzte. Horrez gain, kontakizuna deialdiaren edizio batean argitaratuko denez, argitalpenaren bina ale jasoko dituzte. Bigarren sailkatuek 150na euro, eta argitalpenaren bina ale izango dituzte. Gainera, lehiaketara aurkeztutako lanak batuko dituen argitalpen baterako finalisten aukeraketa egingo da.

Epaimahaia Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Arloak izendatutako hiru kidek osatuko dute.