GAUR8 - mila leiho zabalik

«Elkano esperientzia», oroimena eta egungo erronken gaineko gogoetarako proiektu birtuala

«Elkano esperientzia» proiektu birtuala bihar abiatuko da proposamen nagusi birekin: «Munduari lehen itzulia» izeneko ibilbide birtualarekin eta planteatuko dituen hamar galderekin, eta hilaren 16tik aurrera hainbat adituren parte hartzea izango duen kontzientzia planetarioaren eraikuntzaren gaineko elkarrizketa birtualarekin. Publikoak parte hartu ahal izango du.

«Elkanoren aztarnen bila» erakusketaren artxiboko irudia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Etxepare Euskal Institutuak, Elkano Fundazioak, Iberoamerikako Estatuen Erakundeak (OEI) eta Euskadik Argentina-Mercosurren duen Ordezkaritzak “Elkano Esperientzia” proiektu birtuala jarri dute abian. Ekimenak asteazken honetan ospatuko den Euskal Diasporaren Egunarekin eta 1522an lehen mundu bira egin ondoren 'Nao Victoria' Sevillara iritsi zen egunarekin bat egiten du.

Bultzatzaileek zehaztu dute egitasmoak atal bi izango dituela. Alde batetik, “Munduari lehen itzulia” ibilbide birtuala egingo da, eta «XVI. mendera itzultzeko» hamar galderatan oinarrituko da. Asteazkenetik aurrera https://artsandculture.google.com/story/elkano-y-la-primera-vuelta-al-mundo/TgICxpmE6qJTIA?hl=eu estekan bisitatu ahal izango da.

Beste alde batetik, irailaren 16an, “500 urte: kontzientzia planetarioaren eraikuntza” elkarrizketa birtuala egingo dute. hainbat diziplinatako lau adituk parte hartuko dute: Alvaro Aragon EHUko Erdi Aroko, Modernoko eta Amerikako Historia Saileko irakasle agregatuak, Nelson Aguilera eta María Amelia Mellado Txileko Unibertsitate Australeko antropologoek eta Julieta Gaztañaga Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko Zientzia Antropologikoen Institutuko kideak.

Topaketa Rafael Zulaika Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzailearen gidaritzapean egingo da, eta aldi bereko itzulpena izango da eskuragarri, bai euskarara, bai portugesera. Publikoaren parte hartzera zabalik egongo da, aurretik izena emanda.

Bidaiak ekarri zuena eta egungo erronkak

Lehen mundu bira egin zenetik 500 urte betetzen diren honetan, elkarrizketa birtualean gogoeta egingo dute adituek bidaiak ekarri zituen aldaketei buruz eta egungo erronka globalekin izan zuen harremanari buruz, hala nola klima aldaketarekin, migrazio fluxuekin, kultur aniztasunarekin eta mundializazioarekin.

Magallanesen eta Elkanoren bidaiari buruzko galdera-erantzunak bidaia birtual baten bidez egingo dituzte, «bidaia horrek lehen mundializazioaren hasiera eta alteritatearen aurkikuntzaren hasiera ekarri baitzituen».

Besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: munduari lehen itzulia ematearen inguruan kulturek ekarri dituzten narratiba historikoak; globalizazio goiztiarraren mugarri horrek ekonomian, zientzian, kulturartekotasunean ekarri dituenak, edo giza eskubideetan izan ditugun 500 urteko aldaketei buruzko begirada garaikidea.