GAUR8 - mila leiho zabalik

Lau gaztek jendaurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak Zarauzko Zientziaz Blai ekimenaren barruan

ZarautzOn elkarteak Zientziaz Blai ekimenaren edizio berri bat antolatu du, lau gazteren ikerketa proiektuak aurkezteko. Ekitaldia gaur izango da, Zarauzko Modelo Aretoan. Egitasmoak, besteak beste, kirolarekin, klima aldaketarekin eta naturarekin lotuta daude.

Zarauzko lau gaztek euren ikerketa proiektuak aurkeztuko dituzte jardunaldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

2014tik egiten den Zarautz Zientziaz Blai ekimena bere ohiko formatura itzuliko da gaur, Zarauzko Modelo Aretoan izango den saio berri batekin. Oraingo honetan, herriko lau ikertzaile gazte dira gonbidatuak, eta haien proiektuen aurkezpena aurrez aurre jarraitzeaz gain, zuzeneko streaming bidez ikusteko aukera egongo da, ZarautzOn elkartearen online telebistan. Jardunaldia 19.00etan hasiko da.

Lore Zumeta Olaskoaga matematikaria eta BCAM-en doktoregaia jardunaldiko gonbidatuetako bat da. “Estatistika, kirola eta lesionatzeko arriskua, zer zerikusi dute?” izenburua du egiten ari den ikerketak, eta aurkezpenean, estatistika bereziki kirol lesioetan nola aplikatzen den azalduko du.

Joshua Garcia-Herranz itsas zoologoa eta dibulgatzaile zientifikoak baleen ehizak Atlantikoko ekologian eraginik izan ote zuen ikertu ondoren, euskal baleen arrantzaleen historiaren azterketan murgilduta dago. Saioan, azken urteotan egindako aurkikuntzez hitz egingo du.

Hirugarren hizlaria Fermin Alvarez Agues geologo zarauztarra da. Dublingo Trinity Collegeko Geologia Sailean doktoretza egiten ari da eta “Common Era Atlantic Sea Level Change” ikerketa beka A4 proiektuan parte hartzen du. Europar Batasunak finantzatzen du diziplina anitzeko egitasmo hori eta «klima aldaketaren, haren iraganaren, aldakortasunaren eta etorkizuneko agertokien funtsezko ulermenean aurrera egitea du helburu».

Sorbeltzen ugalketa eta gonbidatu berezia

Laugarren proiektua Eneko Azkue Larrañaga Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko teknikariarena da. Zarauzko Arkamurka natur taldeko kideak egurrezko 50 kaxa prestatu ditu sorbeltzek habiak egin ditzaten eta Getariako bost eraikin publikotan jarri ditu.

ZarautzOn elkartearen ekimenaren edizio berriak, bestalde, adimen artifizialaren inguruko ikerkuntzan nabarmendu den gonbidatu berezi bat izango du, aurreratu duenez. Xabi Uribe-Exebarria Sherpai.ai-ren sortzaile eta zuzendaria bosgarren gonbidatua da. Berritzailea, ekintzailea eta «adimen artifizialean erreferentea» den bizkaitarra, gizateriaren premiazko erronkei aurre egiteko adimen artifizialak izan dezakeen ahalmenaren garapenarekin duen konpromisoa azpimarratu dute.