GAUR8 - mila leiho zabalik

5.000 jostailu bildu nahi dituzte Bizkaian, zailtasunak dituzten familiei laguntzeko

Bizkaian, 5.000 jostailu berri biltzeko kanpaina jarri du abian Gurutze Gorriak zailtasunak dituzten familiei laguntzeko. Joko ez-belikoak eta ez-sexistak eskatzen dituzte, eta jasotzeko hainbat puntu egokitu dituzte. Kanpaina urtarrilaren 4an amaituko da.

Jostailuen bilketa kanpainaren aurkezpena, irudian. (Bizkaiko Gurutze Gorria)

Bizkaiko Gurutze Gorriak jostailu berrien bilketa kanpaina jarri du abian hainbat erakunde eta kirol taldeen laguntzarekin. Helburua 5.000 joko eta jostailu berri lortzea da, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei laguntzeko.

Ohar batean azaldu duenez, jostailu ez-belikoak eta ez-sexistak dira bilatzen direnak, baita hezigarriak ere, «txikienen artean hezkuntza-printzipioak eta balioak sustatzeko». «Jolasa haurren funtsezko eskubide gisa onestea eta txikienetan horrek dakartzan onurak jakinaraztea dira kanpainaren funtsezko aldeak», nabarmendu dutenez.

200 boluntario baino gehiago

Gogoratu dute covid-19aren ondorioz sortutako krisiak familia askoren egoera larriagotu duela, eta testuinguru horretan, neska-mutil eta gazte askok jolasteko zailtasunik ez izatea da bilatu nahi dena. Kanpainan, 200 boluntario baino gehiagok hartuko dute parte, «etablezimenduetako bezeroen edo enpresa laguntzaileen dohaintzak jasotzeko eta jostailuak adinaren arabera hautatu eta antolatzeko».

Ekimenak kirol taldeen atxikimendua eta laguntza jaso ditu. Izan ere, Athletic-eko denda guztiak jostailuak jasotzeko puntuak izango dira, eta Fundazioak «dohaintzan emango ditu produktu bakoitzeko eskuratutako irabaziak» denda ofizialetan egiten diren erosketetan. Gurutze Gorriaren webgunean, jostailuak uzteko dauden puntu guztiak kontsulta daitezke.

Surne Bilbao Basketek «peluxe berrien botaldi handia» egingo du hilaren 19an Gran Canariaren aurkako partidan, eta Bidaideak BSR kanpainaren informazioa zabalduko du ibilgailu guztietan. Bilboko Udalak, era berean, dohaintza kanalak hedatuko ditu Erriberako merkatuko pantailan eta udaleko sare sozialetan.

Kanpainaren bultzatzaileek argitu dute, bestalde, jostailu berriak direla eskatzen dituztenak Europan indarrean dagoen segurtasunari buruzko araudia jarraituta, kalitatea bermatu ahal izateko.