GAUR8 - mila leiho zabalik

4.0 industriako teknologiek ekonomia zirkularra hobetzen dute, ikerketa baten arabera

4.0 industriaren inguruko digitalizazioak ekonomia zirkularrean duen eragina aztertu du EHUko ikerlan batek. Ondorioztatu dutenez, prozesu teknologiko berriek hobekuntzak ekarri dituzte hainbat arlotan, materialen eta energiaren kontsumoan, adibidez.

Azterlanean parte hartu duten ikerlariak. ( (Nagore/EHU))

Digitalizazioak aukera teknologiko ugari eskaintzen ditu gehikuntzako fabrikazioaren, adimen eta ikusmen artifizialen, big dataren eta analitika aurreratuaren, zibersegurtasunaren, gauzen interneten, robotikaren eta errealitate birtualaren eta areagotuen bidez. Hala ere, EHUko ikerlariek gogoratu dutenez, azterlanak falta dira teknologia horiek ekonomia zirkularraren jarduera-eremu nagusietan duten eraginaren inguruan.

Hutsune hori gainditzeko ikerlana bultzatu dute ekonomia zirkularraren «bost murrizketa motatan zentratuz: materialak eta energia murriztea, berrerabiltzea, berreskuratzea, birziklatzea eta hondakinak eta emisioak murriztea».

Beñat Landeta EHUko Enpresen Antolaketa Saileko irakasle eta ikertzaileak adierazi duenez, «emaitzek erakusten dute 4.0 industriako teknologiek enpresei ekonomia zirkularra hobetzen laguntzen dietela». Batez ere, materialen eta energia kontsumoaren murrizketan eta emisio eta hondakinen sorreran gertatzen da laguntza hori.

Adituen arabera, «desberdintasun handiak» egon daitezke teknologia bakoitzak izan ditzakeen eraginen artean. «Zehazki, gehien frogatu dena gehikuntza bidezko fabrikazioaren eta robotikaren eragin positiboa izan da», zehaztu duenez, bien ekarpen handietako bat «materialen aprobetxamenduan» baitago.

Garraioa murriztu, kudeaketa erraztu

Gehikuntza bidezko fabrikazioak duen beste alderdi garrantzitsu bat azpimarratu dute, zarata gutxiago sortzeaz gain, erabilera puntutik hurbil piezak egiteko aukera ematen baitu, «beraz nahi den instalazio eta sektorean txerta daiteke» eta horrek garraioa murriztu eta kudeaketa errazten du.

Horren ondoan, robotizazioak hondakinen tratamendua eta kudeaketa hobetu ditzakeela aipatzen dute. Era berean, gauzen interneti(IoT) esker ekoizpen prozesu osoa eta makinen funtzionamendua ikus daitezke, baita makinen bizi zikloa handitu ere, makineriaren egoeraz ohartarazten duten sentsoreei esker.

Iker Laskurain ikertzaileak azaldu du, bestalde, adimen artifiziala oso lagungarria dela kalitate zehaztapenak betetzen ez dituzten produktuen detekziorako, eta narriaduraren detekzioarekin materialetan aurrezten da, baita eragiketen gastuetan ere.

Adituen arabera, halere, teknologien etengabeko garapenak eta integrazioak sortutako inpaktu berriak aztertzen jarraitu behar da.