GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikusmen murritzak eragiten dituen egoeren bideoa sortu dute, «hobeto uler ditzagun»

Ikusmen murritza pairatzen duten pertsonek egunerokotasunean bizi dituzten hainbat egoera bildu dituzte bideo batean, ulergaitzak egin daitezkeen situazio horietan edo itxuraz absurdoak izan daitezkeen galdera horien atzean, lagun horiei zer gertatzen zaien ulertzeko.

«Ikusmen murriztua azalduko dizut» (Retinosis Retina Begisare)

Ikusmen murriztuaren inguruko elkarteek gaitzari buruzko kanpaina bat jarri dute abian, ikusmen urria izateak zer suposatzen duen azaldu eta sortzen dituen zailtasunen aurreko kontzientziazioan sakontzeko. Horretarako, hainbat baliabide sortu dute, tartean egoera ezberdinak laburtzen dituen bideo berri bat, «hobeto uler gaitzazun».

Ikusmen urria izateak esan nahi duena azalduz abiatzen da mezua. Diotenez, gaitza pairatzen dutenek begiak itxuraz osasuntsu izan arren %30 baino gutxiagoko ikusmena dute, eta ezin da «betaurreko, kontaktuzko lenteekin edo tratamendu farmakologikoarekin» hobetu. «Ez dago sendabiderik gure gaixotasunarentzat», argitu dute.

Sarritan bizi izaten dituzten egoeren artean, gune ilun batetik argi batera pasatzean erabat itsututa geratzen direla azaltzen dute, horrek dakartzan arriskuekin. Gaixoen lekuan jartzeko eta batzuetan sor daitezkeen egoerak hobeto ulertzeko, koloreak bereizteko izaten dituzten zailtasunak aipatzen dituzte, horrek ulergaitzak egin daitezkeen nahasteak eragiten baititu.

Horregatik, bideoak deskribatzen dituen egoeren artean, jaso dute zenbaitetan «galdera absurdoak» egiten dituztela dirudien arren, kontuan izan behar dela gerta daitekeela ikusmen periferikoaren ondorioz aurrean daukatena ez ikustea.

Inguruan gertatzen dena ikusten ez denean

Tuneleko ikusmenaren kasuan, aldiz, gaixoak ez du bere ikus-eremutik kanpo geratzen dena. «Ez dugu ikusten gure inguruan gertatzen dena, eta horrek askotan nahasteetara garamatza», azaldu dute.

Ikusmen murriztua duten pertsona batzuek ikuspen partxeduna izan dezakete, orbanez zipriztindutako ikusmena sortzen duena, edota ikusmen bikoitza, eta ondorioz, «ikusten dugunaren zehaztasuna galtzen dugu». «Horrek zorabioak eta gure begiek ikusten dutena bereizteko zailtasunak eragin diezazkiguke», esan dute.

Beste arazoetako bat kontraste galera da eta distantzien kontrolean eragiten du, baita sakontasunaren nozioan ere. Azaltzen dutenez, kontuan izan beharko litzateke argi gutxi izatea ia ezer ez ikustea izan daitekeela ikusmen murritza duen pertsonarentzat, eta aipatutako sintoma bat baino gehiago elkartzen direnean, arriskuak ere areagotzen direla.