31 DéC. 2021 Kapitalaren Europa zikoitzak herrien Europa irentsi du Isidro Esnaola Urte bukatuak eman duena errepasatuz, behin eta berriz datorkit burura 1992an Maastrichteko Ituna eztabaidatzen ari zirenean esaten zena. Orduan, ezkerrak zuzen definitu zuen Europa eraikitzeko proiektua «kapitalaren Europa» gisa. Hala ere, berehala ahaztu genuen definizio hura, egoera ekonomiko mesedegarriari esker, eta aldaketa batzuek, hala nola pertsonen zirkulazio askeak eta moneta bakarrak, hainbesterako ez zela pentsarazi ziguten, eta proiektu hura ere herritarren Europa zela. Eta testuinguru horretan, kritikak apurka-apurka lausotzen joan ziren. 2008ko krisitik aurrera hasi ziren ikusten proiektuaren benetako josturak, non herritarrek ez duten benetan zeresanik. Lehenik bankuak salbatu eta herrialdeak hondoratu zituen EBk; ondoren, jendea etxetik bota zuten eta inbertsio funts pribatuei saldu zizkieten haien etxebizitzak; geroago, gastu arauak ezarri eta bidean gobernu batzuk aldatu zituzten, Italiakoa kasu. Eta 2015ean, Greziako erreferendumean, argi utzi zuen EBk demokrazia ondo dagoela, baina jendeak ezin dituela gauza batzuk aldatu; beste gauza batzuk, ordea, beharrezkoa den guztietan aldatzen dira. Merkelek Europar Batasunean demokrazia nola ulertu behar dugun azaltzen duen esaldi borobila sortu zuen: merkatuaren araberako demokrazia. Edo, bestela esanda, Europako demokrazia kapitalaren tutoretzapean dago, ezkerrak duela hogeita hamar urte adierazi zuen bezala. Beste mugarri bat 2017an izan zen: Kanadarekin merkataritza liberalizatzen zuen CETA akordioa. Trumpen etorrerak baztertu zuen AEBekin antzeko akordioa sinatzea. Hurrengoa pandemia izan da, eta Europar Batasunak argi eta garbi utzi du kapitalaren tresna dela. Lehenik eta behin, ekonomia berreskuratzeko programa bat diseinatu zuten, Next Generation. Funtsean, Europako korporazio handiei funts publikoak transferitzeko tresna da, AEBetako edo Txinako multinazionalei aurre egin ahal izateko. Eta hori Europar Batasunean enpresei estatu laguntzak ematea debekatuta dagoela. Borondatea dagoenean, dena da posible. Hurrengo mugarria txertoen kudeaketa izan da: kontratu konfidentzialak enpresa farmazeutikoekin, dosiak bereganatzea, baliabide gutxien zituzten herrialdeei banaketa sinbolikoa egitea –sinatutako kontratuek dohaintza eragozten zuten, antza –, eta, gainera, Europar Batasuna izan da MMEren buru, txertoen, tratamenduen eta testen patenteak askatzearen aurka. AEBek ere amore eman zuten gai horretan. Hegoafrikak eta Indiak eskaera egin eta 13 hilabetera, gaia blokeatuta daukate oraindik. Ez da harritzekoa, beraz, Europako erakundeek ia ez ematea informaziorik enpresa lobbyekin egiten dituzten bilerei buruz. Barne merkatuan duten babesle nagusia izateaz gain, nazioarteko erakundeetan duten aliatu nagusia ere badira. Eta orain inflazioa datorrela, «kontuz soldatekin» izan da esan duten lehenengo gauza. Ez dute lotsarik. Soldatek ez dute inolako eraginik izan prezioen gorakadan, eta hala ere. Zentzu berean, Europako erakundeek Estatu espainolari eskatu zioten lan erreformaren zentzua sinatutako akordioagatik antzematen da. Langileen arazketak jarraituko du, multinazionalek emaitzen kontu biribilak aurkeztu ahal izan ditzaten. Inoiz kapitalaren eta lanaren arteko kontratu sozialik egon bazen, argi dago kapitalak aspaldi hautsi zuela hitzarmen hori. Kapitalaren Europa honetan ez da ikusten ez justiziarik ez aberastasunaren banaketarik, are gutxiago demokrazia eta subiranotasunik. Merkelek esaldi borobila sortu zuen: merkatuaren araberako demokrazia. Edo, bestela esanda, Europako demokrazia kapitalaren tutoretzapean dago, ezkerrak duela hogeita hamar urte adierazi zuen bezala