GAUR8 - mila leiho zabalik

Mar Mendibe EHUko neurologoa, estatu espainoleko ehun mediku onenen artean aipatzen du Forbesek laugarren urtez

Esklerosi anizkoitzean eta gaixotasun neuroinmunologikoetan aditua, Mar Mendibe irakaslea da EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta neurologo klinikoa Gurutzetako ospitalean. «Forbes» aldizkariak Estatu espainoleko ehun mediku onenen zerrendan kokatzen du laugarrenez jarraian.

Mar Mendibe neurologoa, irudian. (EHU)

Medikuntzan eta Kirurgian doktore, Mar Mendibe neurologoa Estatu espainoleko ehun mediku onenak nabarmentzen dituen “Forbes” aldizkariaren zerrendan agertzen da berriz. Agerkari ezagunak laugarren urtez jarraian aipatzen du euskal aditua osagile onenen artean.

Mar Mendiberen ibilbidea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitate publikoari lotuta dago. Egun, Neurozientziak irakasten ditu EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, baina irakaskuntzan jarduteaz gain, ikerkuntzan egiten duen lanagatik da ezaguna. ikerketa eta praktika klinikoko lanak egiten ditu, eta esklerosi anizkoitza gaixotasunean eta eritasun neuroinmunologikoetan aditua da.

Izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzeko Unitatearen buru da Mendibe, baita Biocruces Bizkaia Institutuko Neuroinmunologia taldekoa ere.

Unibertsitateko iturriek zehaztu dutenez, Mendibek Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ematen ditu eskolak, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko laugarren eta seigarren mailako irakasleei zehazki.

“Forbes” aldizkariak urtero argitaratzen du nazioartean beren jarduera asistentziala, klinikoa, ikertzailea, dibulgatzailea eta irakaskuntzakoa garatzean izandako bikaintasunagatik nabarmendutako medikuen zerrenda.