GAUR8 - mila leiho zabalik

Baleek nola ikusten duten azaltzen duten umeentzako hiru bideo didaktiko argitaratu dituzte

Elena Vecino EHUko ikertzaileak umeei zuzendutako hiru bideo didaktiko argitaratu ditu, era ulerterraz batean baleek nola ikusten duten azaltzeko. 2019an Sopelan hondartutako baleari buruz eginiko ikerketaren emaitza dira.

Elena Vecino katedraduna, baleen begiaren ikerketa azaltzen duen erakusketan. (Laura LOPEZ | EHU)

Baleen begiek nola funtzionatzen duten azaltzen duten hiru bideo didaktiko argitaratu ditu Elena Vecino EHUko Oftalmo-Biologia Esperimentaleko taldeko ikertzaile nagusiak “Aprende ciencia con D<anio” adingabeentzako zientzia dibulgazioko kanalarekin elkarlanean.

Youtuben jada ikusgai dauden hiru bideo horien oinarrian, 2019an Sopelan hondartu zen balearen begiaren gainean eginiko ikerlana dago.

Horregatik, lehen bideoan zerearen aurkikuntzari buruzko istorioaren berri ematen du ikertaldeak, baita baleen begiei buruz zer jakin duten azaltzen du: esaterako, betilerik ez dutela, presioari eusteko geruza handi bat dutela edota behar duenean, hobeto ikusteko, begia kanpora atera dezaketela.

Bigarren atalean, funtzionamenduan sakonduta, arreta berezia jartzen du Müller-en zeluletan, eta 2020n mikroskopioetako argazkiekin eta aurkikuntzekin eginiko erakusketa azaltzen du ikerlariak.

Hirugarren bideoari dagokionez, erakusketa ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzat nola egokitu zuten azaltzen dute, ikusmen urria duten lagunen sentipenak ulertzeko esperimentu baten ondoan.

EHUk gogoratu duenez, Elena Vecino EHUko Zelulen Biologia eta Histologiako katedradunak Oftalmo-Biologia Esperimentaleko ikertaldea zuzentzen du. 2019an, balea Sopelan agertu zenean animalia horien begiaren funtzionamendua ikertzeari ekin zion, glaukoma bezalako ikusmenaren gaixotasunen inguruko ikerketetan izan zitzakeen aplikazioen bila.