GAUR8 - mila leiho zabalik

«Landa» arrano arrantzale emea bueltan da Urdaibain

Landa izeneko arrano arrantzale emea Urdaibaira itzuli da aste honetan. Urdaibai Bird Centerren, Roy arraren itzuleraren zain daude, iaz munduan ezagutzen den lehen txita albinoa izan zuen bikote ospetsuaren ugalketa berria jarraitzeko. 

Landa arranoaren itzuleraren lehen irudiak. (Urdaibai Bird Center)

Landa arrano arrantzalea aste honetan itzuli da Urdaibaiko paduretara, iaz bere lehen txitaldia egin zuen lekura. Urdaibai Bird Centerreko (UBC) arduradunek eman dute itzuleraren berri. Nabarmendu dutenez, egun berezi bat aukeratu du euskal hezegunetan naturaren ziklo berri bat hasteko, Martxoaren 8an egin baitu, Emakume Langileen Nazioarteko Egunean.

Ohar batean gogoratu dutenez, T06 eraztuna daraman arrano emeak Urdaibain denbora luzearen ostean kabia egin duen lehen arrano arrantzalea da, Euskal Herrian desagertutako espezie bat baitzen.

Negua Saharaz hegoaldeko Afrikan eman ondoren, Euskal Herrira itzulita, txitaldi berri bat izatea espero da. Horregatik, «Roy» arraren zain daude Urdaibain. Galdera da, zehaztu dutenez, Afrikako bidaia gainditu eta Royk Landarengana itzultzea lortuko ote duen.

Arrano arrantzale bikotearen ugalketak jarraitzaile ugari izan zituen pasa den urtean. UBC-ko adituen laguntzarekin, ugalketa prozesua oztopatu gabe, milaka lagunek jarraitu ahal izan zuten lehen arrano arrantzaleen txitaldiaren bilakaeraren zuzeneko emisioa, eta emozioz beterikoa izan zen.

Hiru arrautza, iaz

Bikotearen lehen txitaldia izan zen horretan, Landak apirila aldean jarri zuen bere lehen arrautza. Guztira, hiru izan ziren, eta horrek ere adituen arreta piztu zuen, ez baita ohikoa izaten lehen aldian. Baina, horrez gain, horietako bat albinoa izan zen, munduan ezagututako lehena, eta horrek jakin-mina piztu zuen hemen eta kanpoan, mundu mailan.

Adituek ohartarazi zuten txita albinoek bizirauteko aukera gutxiago izaten dutela, eta horrela izan zen, jaio eta egun batzuetara hil baitzen Zuri izena jarri zioten txikia. Bere bi anaiek ez zuten zorte handiegirik izan. Ekainaren hasieran biak hil ziren.

Adituen ustez, txiten heriotzak aurreko egunetako ekaitzen eraginez gerta zitezkeen, oraindik lumaje gutxi baitzuten. Hala ere, hainbat erronkari aurre egin behar izaten dion lehen ugalketa eta lehen txita horien jaiotza mugarritzat hartu zuten Urdaibai Bird Centerren, hegazti hauek zonaldean berriz sartzeko proiektuaren baitan.