GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal Udalekuetan izena emateko epea zabaldu dute

Euskal Udalekuek izena emateko epea zabaldu dute, uda honetan Abaigarren, Goñin eta Bernedon euskaraz eta abenturaz beteriko egonaldi bati ekiteko gogoekin daudenentzat. Euskara eta natura ardatz hartuta, baloreak, aniztasuna eta harremanak dira proposamenaren osagai nagusiak.

Abaigarreko etxeko udalekuen partaideak Korrikaren bertsio berri bati ekinez. (Euskal Udalekuak)

Euskal Udalekuek izena emateko epea zabaldu dute, 40 urte baino gehiago duten euskara hutsezko udaleku horien edizio berri bat abian jartzeko. Aurreratu dutenez, Abaigarren, Goñin eta Bernedon, etxeak prest daude ekainaren 27tik aurrera helduko den lehen txanda eta ondorengoak hartzeko.

Hiru etxe horiek osatzen duten proposamena anitza da, gogoratu dutenez. Leku ezberdinak dira, antolatzeko era ezberdinak dituzte eta adin ezberdinak hartuko dituzte, baina euskara eta natura dira hiruetan udako jardueren ardatz nagusiak.

Hizkuntza eta naturaren zaintzaren ondoan, baloreen sustapena, jolasa, elkarlana, harremanak, alaitasuna eta aniztasuna dira Euskal Udalekuen osagaiak.

Izen-emate epea zabaltzearekin batera, antolatzaileek gogoratu dute Euskal Udalekuetan euskara hutsean bizi dela, horregatik euskal hiztunei zuzendutako proposamena da, ez euskaraz ez dakiten ume edo gazteei.

Izena emateko webgunean dagoen fitxa bete behar dela zehaztu dute, eta aurretik umeari edo gazteari dagokion txanda ondo begiratzeko eskatu dute. Epeak zabalik jarraituko du txandak guztiz bete arte, eta martxoaren 21etik aurrera, plaza baino eskaera gehiago dauden txandetan aukeraketa egingo dela aurreratu dute.

Apirilaren 5ean jakinaraziko dituzte aukeratuen zerrendak, izen-abizenekin emandako identifikazio zenbakiaren bidez.

Aurtengo udaldian, autobus zerbitzua egongo dela azaldu dute. Lehen txanda 2007an jaiotakoek osatutakoa izango da, Abaigarren, ekainaren 27tik uztailaren 11ra, eta 2022ko udalekuak itxiko dituen txanda ere bertan izango da, abuztuaren 15etik 22ra. Data horien artean parte hartzeko aukera ugari dago hiru etxeetan, batez ere abuztuko txandetan, nabarmendu dutenez.