GAUR8 - mila leiho zabalik

«Tabuen kutxatik oholtzara» bertso saio musikatua Izan Iñurri elkartearen alde

Ondo daki Izan Iñurri elkarteak kulturak minbizia bezalako gaixotasunek eragiten dituzten barne korapiloak askatzen laguntzen duela. Larunbat honetan, gaixotasunaren inguruko tabuak lehen planoan jarriko dituen bertso saio musikatua antolatu dute Errenterian. Lau emakume bertsolarik parte hartuko dute «Tabuen kutxatik oholtzara» proiektu solidarioaren baitako saioan.

Izan Iñurri elkarteko kide talde bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Izan Iñurri minbizidun emakumeen elkarteak abian jarri duen “Tabuen kutxatik oholtzara” proiektu solidarioaren barruan, larunbat honetan tabuen kutxa zabaldu eta barrukoa lau haizeetara zabalduko duen bertso saio musikatua antolatu dute.

Errenterian da hitzordua, Niessen kulturgunean, 18.00etan, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai, sarrerak.errenteria.eus webgunean.

Oholtza gainean, lau emakume bertsolari izango dira: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaile lanetan, Amaia Agirre.

Minbiziarekin lotuta dauden tabuak atera eta gaixotasunak sortarazten dituen korapiloak askatzen eta normalizatzen lagundu nahi duen proiektuak oraingoan bertso doinua jarri nahi die ezkutatzeko beharrik ez duten gai horiei.

«Minbizia biluzten» mahai-ingurua

Bertso saio musikatu hau elkarteak bultzatzen dituen kultur ekimenetako bat da, baina gehiago dago agendan, eta oso epe laburrean, gainera. Izan ere, martxoaren 25ean, hitzordua finkatu dute Azpeitian, San Agustinen, «minbiziak inposatzen duen isiltasuna hausteko eta horren tabuak azalarazten» jarraitzeko.

Elkartearen aurkezpenarekin batera, ekitaldi solidario horretan  heriotza eta doluaren gaineko mahai-ingurua antolatu dute, “Minbizia biluzten” izenburuarekin.

Xamurtasunaren ondoan, ekitaldi horretan barreek ere ez dute huts egingo. Beatriz Egizabalek umorezko hausnarketak plazaratuko ditu ekitaldian, eta Idoia Asurmendik kontzertu akustikoa eskainiko du.

Asmoa da «esperientzia, ahotsa eta gorputzari prensentzia ematea». Sarrerak 15 eurotan eskura daitezke ondorengo estekan.

Joan den urtarrilean, protagonisten ahotik, elkartearen proiektuaren gaineko erreportajea landu zuen Amagoia Mujikak GAUR8n.