GAUR8 - mila leiho zabalik

BrusELA erronkan inspiratuta «Tandem» dokumentala estreinatuko dute 26an Bilbon

ELA gaixotasunaren gaineko ikerketarako funtsak eta gaixoentzako laguntzak handitzeko aldarriak Bruselaraino eraman zituzten iazko ekainean, BrusELA erronkaren bidez. Esperientzia hartan oinarrituta sortutako «Tandem» dokumentala estreinatuko dute hurrengo larunbatean Bilbon, ekitaldi berezi batean, eta sarrerekin bildutako dirua aipatutako helburuetara bideratuko dute.

«Tandem» dokumentalaren kartela, irudian. (DalecandELA )

Joan den ekainean ELA gaixotasunaren ikerkuntzarako baliabideak eskatzeko Jaime Lafitak DalecandELA elkarteko lagunekin Bruselaraino egin zuen erronkan inspiratuta “Tandem” dokumentala sortu dute.

Lana hurrengo larunbatean (hilaren 26an) estreinatuko da Bilbon, eta ekitaldian gaixotasun neurodegeneratiboari buruzko hitzaldi bereziak eta musika emanaldiak egongo direla aurreratu dute.

Ohar batean azaldu dutenez, joan den ekainaren 21ean motordun ibilgailurik gabe Lafitak osatu zuen egitandiak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan eta sare sozialetan, baina bidaiaren atzean emozio ugari eta une bereziak egon ziren, eta horiek ere jasotzen ditu dokumentalak.

Izan ere, DalecandELA elkarteak Ikaika Media ekoiztetxearekin lankidetzan egindako lanak Jaime bera, bere seme Diego eta elkarteko tropeleko gainerako kideen «emozioak, ahaleginak eta sufrimenduak» ere eraman nahi izan ditu pantaila handira.

Bizkaiko Zubi Esekiaren eta Bruselaren arteko ibilbide hori gogoratuko du dokumentalak: Arroxelaraino belaontziz egindako tartea, Estatu frantsesean bizikletaz osatutako zatia eta taldearen iritsiera Europako Parlamentura.

Nabarmendu dutenez, «erronkak berealdiko bultzada eman zion DalecandELA elkarteak zabaldu nahi zuen funtsezko mezuari: ikerketa zientifikoaren garrantzia gaixotasunaren sendakuntza aurkitzeko eta ELA duten pertsonentzako osasun-laguntza eta zaintzaren beharra» azpimarratzea.

Informatu eta kontzientzia piztu

Lanarekin, gainera, Albo Esklerosi Amiotrofikoa gaixotasun degeneratibo hilgarriaren gaineko informazioa zabaldu eta horren inguruko kontzientzia piztu nahi dute, baita «ikerketa zientifikora bideratutako funtsak handitzeko» dagoen premia gogorarazi ere.

Lafitak beraz adierazi duenez, dokumentalaren izenburua “Tandem” da eta talde-lanaren garrantzia azpimarratzen du. «Gaixotasuna dugunok laguntza eta sostengua behar ditugu egunero, bai senide eta lagunena bai medikuntza eta osasun arloetako profesionalena. Tandem bizikletaren gainean ere talde-lana funtsezkoa da», azaldu duenez.

Estreinaldia martxoaren 26an izango da, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, 19.30etik aurrera. Sarreren salmentatik bildutako dirua ELAren gaineko ikerketa proiektuetara eta gaixotasuna duten pertsonei laguntzera bideratuko da, azaldu dutenez.

Halaber, aurreratu dute Juan Carlos Unzue futbolari ohi nafarra eta 2020an ELAren diagnostikoa jaso zuenak eta Oscar Fernandez-Capetillo CNIOko eta Karolinska Institutuko ikertzaileak hartuko dutela hitza.

Ekitaldian, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariaren eta Sandra Gallina Europako Batzordeko osasuneko Zuzendari Nagusiaren mezuak izango dituztela zehaztu dute, eta amaieran The Fakeband taldearen emanaldia izango da.