GAUR8 - mila leiho zabalik

Saskigintzako teknikekin esperimentatzea, arkitektura ikasteko

EHUko ikerlan batek erakutsi du saskigintzako teknikekin esperimentatzeak arkitekturako ikasleei sormen prozesuan lagundu eta geometria lantzeko aukera ematen diela. Ereduak eskuz egitean, gainera, trebezia garrantzitsuak garatzen dituztela ikusi dute.

Amaia Casado ikerlaria, landutako eredu batekin. (Nagore IRAOLA | EHU)

EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, saskigintza tradizionalean oinarritutako ereduak lantzen ari dira geometria ikasgaiaren zati bat garatzeko. Esperimentazioa eskuz egindako ereduen lanketarekin lotuta dago. Azaldu dutenez, gero eta birtualagoa eta digitalizatuagoa den mundu honetan, eraikitzea helburu duen arkitektura bezalako lanbideetan «ezinbestekoa da hiru dimentsioko forma geometrikoak ulertzea edo kontrolatzea».

Amaia Casado Rezola irakaslea da EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, eta burutzen ari den ikerlanean saskigintzarekin lotutako esperimentazio teknikak lantzen ari da ikasleekin, burutzen ari den doktorego tesiaren barruan.

Azaldu duenez, zura gurutzatuta munduko leku askotan erabiltzen da eraikuntza material gisa eta «oraindik ere ikus daiteke fatxadetan, estalkietan, barruko trenkadetan edo dekorazioan eta altzarietan».

Aro digitalak geometria horiek ulertzeko eta kontrolatzeko aldaketa positiboa ekarri du, baina «badirudi aldaketa horrek eragina izan duela asmatzeko eta hausnartzeko prozesuan», jarraitu du Casadok.

Planteatzen duenez, «gaur egungo ikasleak ohituta daude errealitatea formatu digitalean partekatzen den ingurune birtual batera, hardwareen eta softwareen ahalmenak edozein erronkari edo arazori berehala erantzuteko jarrera errazten die, gogoeta prozesua alde batera utzita». «Horrek adimenaren eta eskuen arteko deskonexioa eragiten du, eta horrek proiektu edo sormen prozesuaren distortsioa eragiten du», erantsi du Casadok.

Saskigintzarekin lotutako tekniken erabilerara itzuliz, gaur egungo arkitekto ospetsuek ere arkitektura ehartetuarekin esperimentatzen ari direla gogoratu du EHUko irakasleak. Arazoa da «munduko leku askotan saskigintzako teknika hori galtzen ari dela, artisau produkzioko eta manipulazioko prozedurek ez dute oinarri zientifikorik eta zaila da kopiatzea». Ondorioz, «gero eta diseinu aukera gutxiago egin daitezke, eta ez da forma berririk sortzen».

Geometria lantzea eta ondarea defendatzea

Zuntz plastikoarekin egindako produktuen erabilera masiboak saskigintza artisauko tailer askoren itxiera ekarri du, belaunaldiz belaunaldi transmititu den lanbidea arriskuan jarriz. Horregatik, Amaia Casadoren ikerlanak helburu bikoitza du, arkitekturaren eremuan forma eta formatu berriak sortzea eta ondarearen defentsa egitea.

Casadoren ikerlana eskala txikiko arkitektura ehartetuaren berrikuntzan zentratuta dago, «gaztainondo zurezko tira lauko saskigintzarekin» forma berriak sortuz. «Nire azterlanak eskulana eta artisautza zaintzea eta erreskatatzea proposatzen du, geometria ikasgaian proiektuari aplikatutako prozesuen laborategi gisa», azaldu du.

Era horretara, «saskigintzako teknikekin esperimentatzeak aukera eman diezaieke ikasleei sormen prozesu oso baten kontrola izateko, hasieratik bukaeraraino, eskuak erabiltzeko espazioa eta denbora errespetatuz».

‘Design Science Research’ (DSR) da erabilitako ikerketa metodoa, artefaktuen garapena eta ebaluazioa ardatz duen ikerkuntza ikuspegia aplikatuz. Ildo hori jarraituz, Gaztainondo zurezko tira lauarekin eharteturiko lanak, hain zuzen ere, geometrietan aztertu eta aplikatu ondoren, artefaktu berriak sortu ahal izan dira, «materialen propietate mekanikoak kontuan hartuta». Era horretara, «metodo sekuentzial bat sortuz joan da , eta 19 artefaktoren prestaketa disenatu, ezarri eta ebaluatu da ikerketa honetarako d¡sortutako esperimentazio laborategian», zehaztu dutenez.