GAUR8 - mila leiho zabalik

Laguntza psikologikoaren aurpegi ezberdinak erakutsiko ditu «Psikologia Kalean» ekimenak

Maiatzaren 27an eta 28an, «Psikologia Kalean» programa burutuko dute Bilboko Areatzan bertan, kale mailan hainbat hitzaldi eta tailerren bidez laguntza psikologikoaren aurpegi ezberdinak erakusteko.

«Psikologia Kalean» jardunaldiak Bilboko Areatzan izango dira. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko Psikologia Elkargoak “Psikologia Kalean” ekimena jarriko du abian Bilbon, maiatzaren 27an eta 28an. Arreta psikologikoak hainbat arlotan eskain dezakeen laguntza ezagutzera ematea da programaren helburua nagusia.

Horretarako, Areatzan bertan karpa ezberdinetan antolatuko diren guneetan, adituek hainbat gairi buruzko hitzaldiak emango dituzte. Sarrera libreko solasaldiak izango dira, edukiera bete arte.

Gaurkotasun handiko gaiak daude kale mailan emango diren solasaldi horietan. Hilaren 27an, programaren lehen jardunaldian, adibidez, haurraren mundu emozionalaren inguruko ulermena eta “neuroplastizitatea: burmuin aktibo bat edukitzeko estrategiak" izango dira landuko diren gaietako bi.

“Prebentzioaren zantzuak unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapan, hezkuntza-psikologiako esku-hartzetik abiatuta” edota “Antsietatea prozesu onkologiko bat da” lehen egun horretan eskainiko diren beste berbaldietako bi dira.

Suizidioa, emozioen hizkuntza, zahartze aktiboa, sare sozialekiko eta bideojokoekiko nerabeen mendekotasuna, covid osteko ondorioak, adinkeria eta adinaren kudeaketa edota larrialdietako psikologia dira bi egunetan zehar hitzaldi edo tailer formatutan jorratuko diren gaietako batzuk.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Areatzako pasealekuan gune zentral bat eta bi karpa egokituko dituzte herritarren parte hartzea bultzatzeko.