GAUR8 - mila leiho zabalik

Listu-tanta baten portaera ikertu dute, kutsatze ahalmena aztertzeko

EHUko ikerketa batek listu-tanta baten kutsatze ahalmena aztertu du, eta baieztatu du bi metroko segurtasun distantzia arrazoizkoa izan daitekeela covid-19aren kutsatzea saihesteko. Igogailuen kasua aztertu dute.

Herritarrak musukoa jantzita, kutsatzeak saihesteko. (Gorka RUBIO | FOKU)

EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen mekanika sailean, txistu-tanta baten portaera aztertu dute, tanta bakar batek izan dezakeen kutsatze ahalmena neurtzeko. Azterlanean ikusi dute, adibidez, egungo pandemian ezarri den pertsonen arteko bi metroko segurtasun distantzia arrazoizkoa izan daitekeela.

Ikerlanak garrantzi handia du, listu-tanten portaera faktore garrantsitzua delako birus baten transmisio ahalmena eta gaixotasun infekziosoak aztertzeko. Gainera, egun bizi dugun pandemia bezalako osasun egoera baten aurrean erabakiak hartzen lagun dezaketen datuak eskaintzen dituela gogoratu dute.

Zehaztu dutenez, pertsona batek «eztul, hitz egin edo doministiku egiten duenean, kutsatzeko ahalmen handia duten zenbait partikula edo listu-tanta botatzen ditu ingurunera».

Txistu-tanten portaeran, halere, hainbat faktorek eragiten dute. Horregatik, ingurumen ezaugarri ezberdinetan burutu dute ikerketa.

Fluidoen dinamikan oinarritutako simulazio konputazional bat garatu dute, listu-tantak airean zein portaera duen aztertzeko, «eta hortaz, pertsona batek hitz, eztul edo doministiku egiten duenean txistu-tanta hori airean nola mugitzen den aztertzeko».

Ainara Ugarte ikerlariak zehaztutakoaren arabera, ingurune kontrolatu eta arrunt batean egin dute simulazioa, eta eremu itxi bateko partikula bakar baten azterketan oinarritu dira: «Horretarako, o eta 100 mikra bitarteko tantak jaurti ditugu 1,6 metro altueratik –distantzia horretara dago gizakiaren ahoa gutxi gorabehera–, eta kontuan izan ditugu tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina».

60 segundo eta hezetasuna

Azterlanean egiaztatu dute giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboan nabarmen eragiten dutela tanten lurruntze-prozesuan. Emaitzen arabera, «100 mikra inguruko partikula handi batzuk 60-70 segundo egon daitezke airean, eta printzipioz, distantzia handiagora garraiatzen dira; beraz, baliteke pertsona bat igogailu batean doministiku egin, pertsona hori igogailutik irtetea eta partikulek, ordea, igogailuan jarraitzea».

Prozesua ikusita, ingurune itxietan mantendu beharreko bi metroko segurtasun distantzia «arrazoizkoa» izan daiteke covid-19aren kasuan kutsatzeak saihesteko.

Hezetasuna kontuan hartu beharreko beste faktore bat: «ingurune heze batean, lurruntzea motelago gertatzen da, eta, beraz, kutsatzeko arriskua handiagoa da, partikulek denbora gehiago irauten baitute airean».

Ainara Ugarte, Unai Fernandez, Koldo Portal, Ekaitz Zulueta eta Oskar Urbina ikerlariek garatutako azterlana «oinarrizko ikerketa da», eta egoera askoz konplexuen dinamikak aztertzeko «zimenduak» jarri dituela esplikatu dute.