GAUR8 - mila leiho zabalik

BBK Zientzia Irekia jaialdiak zientzia hurbilduko die herritarrei hilaren 14tik 16ra BBK Kunan

Bilboko BBK Kuna GJHen etxean ospatuko den Zientzia Irekia 2022 jaialdiak «Txokoak» eta «Tailerrak» ekarriko ditu hilaren 14tik 16ra, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta sormenarekin gozatzeko jarduera ezberdinekin.

BBK Kunaren egoitza, Urazurrutian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

BBK Zientzia Irekia 2022 jaialdia ospatuko da Bilboko BBK Kuna GJHen Etxean, uztailaren 14tik 16ra. BBK-k sustaturiko ekimenaren hirugarren edizioa da, eta helburuak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta sormena pertsona guztien eskura jartzea eta txikitatik bokazio zientifiko-teknologikoak gehitzea dira.

Jaialdian egingo diren jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aurretik izena eman behar da webgunean.

BBK Zientzia Irekia jaialdiaren hirugarren edizioan bi formatu berritzailetan banatuko du programazioa, ‘Txokoak’ eta ‘Tailerrak’, hain zuzen ere, goizeko eta arratsaldeko txandetan.

Horrela, tailerren bidez, Minecraften metabertsoan 17 GJHak ezagutu, 3Dn inprimatutako besoak eraiki, airearen kalitatea eta CO2 maila neurtu, Humanoide Pepper robota programatu, irudimenarekin 3Dn eraiki, errealitate areagotuari esker fisika protoiekin esperimentatu eta elikagai batek duen azukre kopurua ikusi ahal izango da. Tailer guztiak familian gozatzeko pentsatuta daude.

Familian esperimentatzeko espazioak

Bestalde, ukituz, jolastuz eta diseinatuz, zientziarekin esperimentatzeko espazioak izango dira ‘Txokoak’. Familian parte hartzeko antolatu dira, eta guztiak daude 7 urtetik gorako haurrei zuzenduta.

Azkenik, jaialdia bukatzeko, zientzialariekin solasaldiak izango dira uztailaren 16an, 17.30etik 20.00etara. Besteak beste, Quantum eta epe motzeko haren aplikazioak, ordenagailu kuantikoen etorkizuna, magia eta zientzia, birusak eta matematika, teknologia espaziala EAEn, bioingeniaritza, 3D inprimaketak pertsonen bizitza hobetzeko modua edo alzheimerra bezalako gaixotasunen diagnostiko goiztiarrean adimen artifizialak nola laguntzen duen izango dira hizpide.

Amaiera 20.00etan izango da, eta parte hartzaileek eta hizlariek elkarrekintzan jarduteko aukera izango dute Bilbaina Jazz Club taldearen musikak girotuta.