GAUR8 - mila leiho zabalik

Gazteentzako film laburren lehiaketa bat, organo ematea aldarrikatzeko

Euskadiko Bihotz eta Birikietako Pertsona Gaixoen eta Transplantatuen Elkarteak «2´Atcore Euskadi 2022» film laburren lehenengo lehiaketa jarri du abian, organoak ematearen aldeko sentsibilizazioa bultzatzeko.

Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiko Gazteria Sailarekin lankidetzan antolatutako lehiaketak organo ematearen aldeko ikuspegi soziala islatzen duten lanak bilatzen ditu, eta bereziko gazteei zuzenduta dago, 18 eta 31 urte artekoei.

Antolatzaileek azaldu duenez, gaiak sare sozialetan izan dezakeen oihartzuna bilatzeaz gain, gazteen arteko hausnarketa ere bultzatu nahi du.

Gogoratu dutenez, «gaur egun ehun mila pertsona baino gehiago daude organo emate baten zain, horien artean gazte eta haur asko».

«Aztertuta dago organoa ematen duen pertsona bakoitzak zortzi bizitza salba ditzakeela eta berrogeita hamar baino gehiagorena hobetu. Eta horixe da lehiaketaren abiapuntua», zehaztu dute.

Gehienez bi minutu izango dituzten bideo horietan «organo ematearen aldeko aldarrikapen argia» eskatzen da, eta erabakiaren atzean dauden elkartasuna, oparia, berriz hastea edota itxaropena… bezalako sentimenduak islatzen dituzten istorioak marraztea.  

Edozein gailurekin grabatutako bideoak aurkez daitezke, «baina formatu horizontalean», eta fikziozkoak zein animazio lanak izan daitezkeela zehaztu dute.

Lehiaketan izena emateko, Atcore elkartearen web orrian eskuragarri dagoen inprimakia bete behar dute parte hartzaileek; eta bideoa grabatu ondoren, atcore.euskadi@gmail.com posta elektronikora bidali.

600 euroko sari bat egongo da bideo irabazlearentzat, eta organo emateen aldeko sentsibilizazio kanpainetan erabiliko da. Horrez gain, 250 euroko accesit sari bat dago eta, era berean, sentsibilizazio kanpainetako materiala izango da lan sariduna.