GAUR8 - mila leiho zabalik

Ingurumena lehengoratzeak bisoi europarraren habitata hobetu du Andaverdeko bihurgunean

Andaverdeko bihurgunean ingurumena lehengoratzeko egindako urratsen azterketak erakutsi du bisoi europarraren habitataren kalitatea nabarmen hazi dela. Landarediaren egoera aztertu dute bereziki, fauna osoarentzat duen garrantziagatik.

Interes ekologiko handiko eremua den Andaverdeko bihurgunea, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Ebro ibaiaren kontserbazio bereziko eremuan kokatuta dagoen Andaverdeko bihurgunea interes ekologiko handiko gunea da, baina nabarmen narriatuta zegoen agregakinak erauzteagatik, luzetako dikeak sortzeagatik, arautu gabeko abeltzaintza aprobetxamenduagatik eta hondakinen pilaketagatik.  

Egoera horren aurrean, ingurumena lehengoratzeari ekin zion Foru Aldundiak 2015. urtean. Orain, esku hartze horien emaitzak aztertu dituzte, habitataren kalitatea nabarmen handitu dela baieztatuz, eta horrek eragin zuzena du bisoi europarrarentzat eta enklabe horretako fauna osoarentzat, azpimarratu du Diputazioak ohar batean.

Life Lutreola proiektuaren bidez garatu dira EAEko katalogoan galzorian dauden animalien artean dagoen bisoiaren habitata hobetzeko lanak. Aldundiko Ingurumen Sailak Bastidako udalerritik igarotzen den tartean azterlanak egin ditu egungo landare komunitatearen egoera ikusteko, kontserbazioaren aurreko egoerarekin alderatuz.

«Lan horretatik nabarmendu behar da bertako flora baskularra inbentariatu den landaredi unitatearen karakterizazioa eta kartografia egin direla», zehaztu dute Aldunditik. Erantsi du, bestalde, azterlan horien barruan flora osaera, bisoi europarraren egitura edo habitatarekiko harremana eta habitaterako interesaren balorazioa zehaztu direla.

«Ateratako ondorioek erakusten dute kartografiatutako landaredi unitateen erdia baino gehiagok bilakaera positiboa izan duela landarediaren ikuspegitik. Bisoiaren habitataren kalitateari dagokionez, zifra %60ra igo da», adierazi du Foru Aldundiak.