GAUR8 - mila leiho zabalik

Suizidioaren prebentzioan ikuspegi soziokomunitarioa txertatzeko garrantziaz hitz egingo da Portugaleten

Larunbatean izango da Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna, eta efemeridea dela-eta, gaiari helduko dion jardunaldia antolatu dute Portugaleten, prebentzioan ikuspegi soziokomunitarioaren beharrean zentratuta. Jardunaldia doakoa eta irekia izango da.

Jardunaldia Portugaleteko Santa Klara kultur aretoan izango da, 9.30etik aurrera. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irailaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da. Dataren harira, “Suizidioa prebenitzea: ikuspegi soziokomunitario baten beharra” izenburupeko jardunaldia antolatu du AIDATU Euskal Suizidiologia Elkarteak Portugaleteko Santa Klara Kultur aretoan.

Hainbat adituren parte hartzea izango duen ekimenak «prebentzioan, interbentzioan eta posbentzioan», ikuspegi sozial eta komunitarioa txertatzeak duen garrantzian jarrai nahi du fokua.

Nabarmendu dutenez, «ikuspegi horrek, nahitaez, osasun mental indibidualaren ikuspegi tradizionala osatu behar du».

Izena eman behar da

Jardunaldia irekia eta doakoa da, baina parte hartzeko beharrezkoa da aurretik elkartearen webgunean (www.aidatu.org) izena ematea.

Jon Garcia Ormaza psikiatrak zabalduko du hitzaldien zikloa, «Determinatzaile sozialak eta jokabide suizida» gaian zentratuta.

EAEn prebentzioari dagokionean egindako bideaz hitz egingo du Jose Antonio de la Rica Lakuako Arreta Soziosanitarioko zuzendariak, bigarren saio batean.

Jardunaldia ixteko, mahai-inguru batek eremu soziokomunitarioan dauden prebentzio-beharrak aztertuko ditu. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Marian Larrinaga gizarte-langileak, ASAFES-eko (buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Arabako elkartea) Jose Miguel Colinok, Portugaleteko Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna saileko Lucia Uriarte Ibarrolak eta Bizkaiko Piskologia Elkargoko Marta Povesek.