GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikasleentzako zinea Belodromoko pantaila erraldoiko formatura itzuliko da Zinemaldian

Donostia Zinemaldiaren edizio berriaren atarian, zientzia eta zinea uztartuta ikasleei zuzendutako «Ikastetxeak Belodromora» ekimena bere ohiko formatura itzuliko dela iragarri dute. Pantaila handiaren aurreko saioak 16an eta 19tik 23ra ospatuko dira.

Ikusleak Belodromoan, 3Dko filma baten emanaldian, artxiboko irudian. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Sei eta hamaika urte bitarteko haurrei zuzenduta, zientzia eta ikasleak protagonista dituen «Ikastetxeak Belodromora» hitzordua ohiko pantaila erraldoiko formatura itzuliko da aurten, “Terra Willy: Planeta ezezaguna” filmaren proiekzioa eskainiz.

Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute ekimena.

Zientziaren irudi positiboa helaraztea eta hiriak ikerketa zientifikoarekin duen lotura handia ikusaraztea helburu dituen Belodromoko hitzordua geletan egin behar izan da azken edizioetan, pandemiaren ondorioz.

Aurten, sei eta hamaika urte bitarteko ikasleek Belodromoko pantaila erraldoiaz gozatu ahal izango dute berriz, Eric Tostiken “Terra Willy: planeta ezezaguna” filmaren emanaldiarekin.

Istripu espazial baten ondoren, planeta ezezagun batean bizirik iraun behar duen eta, horretarako, robot baten eta izaki estralurtar baten laguntza izango duen haur bati buruzko istorioa kontatzen du euskaraz bikoiztua emango den filmak.

Aurkezpen «labur eta original» batekin

Emanaldiak, gainera, robot sozialen –gizakiei bizitza hainbat alderditan errazteko diseinatutako roboten– inguruko aurkezpen «labur eta original» bat zango duela aurreratu dute.

Horretarako, EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko (RSAT) Elena Lazkano irakasle eta ikertzailea eta Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikari eta ikerlariak gonbidatu dituzte.

Pandemia aurretik egindako sei saioek 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiagoren parte hartzea izan dute.

Saioak itailaren 16an (ostirala) goizez, eta 19tik (astelehena) 23ra (ostirala) egingo dira.

2019. urtetik Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek PIPC eta Euskadiko FIlmategiaren laguntza dute.