GAUR8 - mila leiho zabalik

Ezagutza zabaltzea eta ikasketak aukeratzen laguntzea helburu duen «Jakin-mina» programa abiatu dute

Zinema, nanomedikuntza, musikaren lanbideak edota klima-aldaketa eta hiriak bezalako gaien inguruko 50 hitzaldi antolatu ditu Jakiundek DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta, «Jakin-mina» programaren edizio berrian. Ezagutza zabaltzea eta ikasketak aukeratzen laguntzea helburu duen ekimenak urriaren 30ean itxiko du izena emateko epea.

DBHko 4. mailako ikasleei zuzendutako programa da «Jakin-mina». (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hego Euskal Herriko DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta, “Jakin-Mina” programaren edizio berri bat jarri du abian Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak bere bi helburu nagusiak jarraituz: ikasleen ezagutza zabaltzea eta etorkizuneko ikasketak aukeratzen laguntzea.

Bide horretan, «interes handia duten baina hezkuntza-programaren barruan landu ohi ez diren gaiei buruzko» diziplina anitzeko 50 hitzaldi antolatu dituzte Hegoaldeko lau herrialdeetan.

«Ikasleen garapen intelektuala bultzatu nahi da, eta aldi berean etorkizunari begira zer ikasketa egin nahi dituzten argitzen lagunduko dien ikuspegi zabalago bat eskaini nahi zaie», azaldu du Jakiundek ohar batean.

Bost hitzaldiko hamar ziklo

Bost hitzaldiko hamar ziklotan banatu dute programa, eta ikastetxe bakoitzak gehien interesatzen zaion zikloan inskribatu ahal izango ditu bere ikasleak. Zehaztu dute, halaber, ospe handiko hizlariek hartzen dutela parte programan, eta hitzaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egingo direla.

Ostiraletan izango dira hitzaldiak, irakastorduen ondoren, eta Bilbon, Donostian, Gasteizen, Arrasaten, Iruñean eta Tuteran ospatuko dira azaroan hasita eta hurrengo hilabeteetan.

Jorratuko diren gaiei dagokienez, zinema, literatura, musika, argazkigintza edota historia bezalako edukien ondoan, nanozientzia, adimen artifiziala, 4.0 osasuna, garunaren inguruko azken aurrerapenak edo etorkizuneko elikadura daude landuko diren arloen artean, baita klima-aldaketa, immigrazioa edo teknologia berriak bezalako gaiak ere.

Lakuako eta Iruñeko exekutiboen babesa duen programan parte hartzeko izena eman behar da akademia@jakiunde.eus helbide elektronikora idatzita edo bertara telefonoz deituta. Unibertsitate publiko eta pribatuen laguntza du ekimenak, baita kutxen fundazioena eta San Telmo, Artium eta Arkeologia museoena ere.

Izena emateko epea urriaren 30era arte egongo da zabalik.