GAUR8 - mila leiho zabalik

Azaroan zehar aisialdiko zazpi jarduera euskaraz gozatzeko, Darabilbo programan

Euskararen erabilera sustatzea helburu duen Darabilbo programak aisialdiko zazpi jarduera antolatu ditu azaroan zehar. Tupper sex tailer batek zabaltzen du programazioa ostiral honetan, Dolaretxen.

Darabilbo programak taldean egiteko jarduerak proposatzen ditu, euskararen erabilera butzatzeko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Udalak eta Bilboko Euskaltegien Sareak bultzatzen duten Darabilbo proiektuak azaroan zehar euskaraz gozatzeko zazpi jarduera proposatu ditu.

Aisialdian euskararen erabilera sustatzea da helburua, eta bide horretan, doako jarduerak dira antolatutakoak, euskara hobetzeko zein euskaraz dibertitu nahi duenarentzat.

Lehen proposamena ostiral honetan bertan izango da, Dolaretxe auzoan izango den tupper sex tailer batekin.

Hurrengo ostegunean (hilak 10), Berbagunearen inguruko tailerra ospatuko da Miribillan, eta igandean (hilak 13) bi jarduera ospatuko dira, kirolarekin eta naturarekin lotuta. Urkiolaren inguruko orientazio-jarduera izango da bat, eta bestea txirrindularitza maite dutenei zuzenduta.

Hilaren 24an, bestalde, bi bisita gidatu egingo dira Arte Ederren Museoan, goizez eta arratsaldez; eta 25ean, kakorratz-tailer bat egingo a Iralako udaltegian.

16 urtetik gorakoentzat

Gogoratu dutenez, ekitaldiotan parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan behar da, eta izena aldez aurretik eman behar da, darabilbo.eus webgunean, darabilbo@gmail.com helbide elektronikoan edota 607 530 132 telefono zenbakira deituta. Telefono bidez, jardunaldietarako ideiak ere aurkez daitezke.

2013. urtetik indarrean dagoen programak proposatzen dituenak taldean egiteko jarduerak dira, eta udal barruti ezberdinetan ospatzen dira.