GAUR8 - mila leiho zabalik

Labore anitzagoko eta tamaina txikiagoko soroetan ekoizpena handiagoa dela frogatu dute

Errendimendua handiagoa da aniztasun handiagoko eta tamaina txikiagoko soroetan, ikerlan batek frogatu duenez. Estatu espainoleko milaka lursailen jarraipenaren datuetan oinarrituta dago, Ainhoa Magrach Ikerbasque-eko ikertzailea buru izan duen lana.

Soroak, artxiboko irudian. (FOKU)

«Laboreen aniztasun handiagoa eta soroen tamaina txikiagoa dituzten nekazaritza paisaiek, bereziki polinizatzaileen menpe daudenek, askoz ere ekoizpen handiagoa dute laboreen aniztasun txikiagoa eta soroen tamaina handiagoa dituztenek baino», frogatu du ikerketa batek.

Ainhoa Magrach Basque Centre for Centre Climate Change (BC3) zentroko Ikerbasque ikertzailea buru duen lanaren ondorioetako bat da. Ikerketa horretan, Doñanako Estazio Biologikoak (CSIC) hartu du parte, eta bioaniztasunaren kontserbazioa eta nekazaritzaren errendimendua bateragarriak direla erakutsi du.

Magrachek berak azaldu duenez, «biodibertsitatearen kontserbazioa eta laboreen produktibitatea bateraezinak direla dirudien arren, nekazaritza-paisaiek aukera garrantzitsuak eskaintzen dituzte biodibertsitatea babestutako eremu tradizionaletatik kanpo kontserbatu ahal izateko».

Ikerlanean, «parekorik ez duen datu-multzoa» aztertu dela nabarmendu dute, Estatu espainoleko toki ezberdinetako 25 hektareako milaka lursailetan jarraipenetatik ateratako datuak baliatu baitituzte.

Ikerketek frogatu dute biodibertsitatean eragin negatiboa dutela nekazaritza intentsiboan ohikoak diren tamaina handiek eta laboreen aniztasuna murritzak.

Polinizatzaileekin, batez ere

Ikertzaileek ikusi dute laboreen aniztasunik handiena eta soroen tamainarik txikiena dituzten eremuek «ekoizpen handiagoa izan ohi dutela», eta bereziki «polinizatzaileen mende dauden laboreetan».

Azaldu dutenez, «lurra lantzeko aniztasun eta jardunbide mota gehiago aplikatzeak aurrera egiten laguntzen die intsektu onuragarrien populazioei».

Fenomeno horrekin lotuta aipatu dute soroen tamaina murriztean belar-eremuak eta heskaien dentsitatea handitu egiten dela, «basoko polinizatzaile garrantzitsuenetako askoren habitata hobetuz».

Distantzien kontua ere bada, laborantza-soro txikiek intsektuak elikatzeko gaitasuna hobetzen dute, habietarainoko bideak laburragoak direlako.

«Atea ireki diogu elikagaiak landatzeko erabiltzen dugun modua aldatzeko aukerari, nekazaritza jasangarriago baterako trantsizioa erraztuz», adierazi du ikerlanean parte hartu duen Ignasi Bartomeusek.

Lana, gainera, «lagungarria izan liteke administrazio mailako neurriak hobetzeko; adibidez, Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) bidez bultzatzen dituenak.

Magrachen ustez, bestalde, «nekazaritza-prozesuak zehatz-mehatz neurtzeak» duen garrantzia frogatu du ikerlanak. «Izan ere, datuak lagungarriak izan daitezke etorkizunean erabili beharreko estrategiak erabakitzeko», erantsi duenez.